Gobernantza eredu partekatuan sakontzeko bidea jorratzen ari dira elkarrekin Usurbilgo Udala eta herri eragileak. Norabide horretan, udal gobernu taldeak eginiko kontratazio prozesutik Maraka kooperatibari eginiko esleipenaren harira landutako proposamen integrala aurkeztu zitzaien martxoaren 23an Potxoenean aipatu eragileei. Saio hartan partekatutako ideien lanketari segida emateko bigarren saioa egingo dute apirilaren 27an arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Izan ere, Usurbilgo Udaletik adierazi dutenez, "Marakako kideek azaldu dutenez, hasierako proposamen bat da oraingoz, eta garatu egin beharko da: proposatutakoa probatu eta aurrera egin ahala aldaketak egin, beharrezkoak badira".
Rolak gakoetako bat izango dira prozesu horretan. "Partaide guztiek ez dute izango ardura maila bera, bakoitzaren ahalmena eta eragin eremua ere desberdina delako: bakoitzak bere eremuan egin dezakeenak du garrantzia. Esaterako, udala da baliabide eta, ondorioz, ahalmen gehien duena. Eragileen artean ere, desberdina da eremu zehatz bati lotutako jarduna izan (ingurumenari, kulturari edo gizarte arloari lotuta, esaterako), edo eremu orokorragoei lotutakoa izan. Hala, ardura handiagoa izango dute konektore rola dutenek, eta apalagoa, baina ezinbestekoa, aktibatzaileek".
Misioetan oinarritutako gobernantza ereduaren norabidean lan egiteari ekin zion udal gobernu taldeak aurreko legealdi amaieran. "Herri erronkak identifikatu, bakoitzari aurre egiteko misioak finkatu, eta helburu horiek lortzeko eragileen arteko elkarlana bultzatzea da, oinarrian, misioen araberako gobernantza eredua. Lau dira udalak identifikatutako erronkak: Zaintza, 650 Usurbil Bizi, trantsizio ekosoziala, eta Udala, gertu. Bakoitzak bere misioa du, baita misio hori erdiesteko zenbait helburu zehatz ere", gogorarazi du Udalak.
Ordutik, gobernantza eredu berria eraikitzeko lanketa egin da Maraka kooperatibak. Udal ordezkari politiko eta teknikari zein herri eragile hainbat elkarrizketatu dituzte. "Oro har, gobernantza eredu konpartituago baten aldeko iritziak jaso dira, eta eredu hori marrazten hasi dira, elkarrizketetatik ateratako ekarpenak oinarri hartuta".
Hilaren 27rako herri eragileekin deitutako saioaz gain, formakuntza saioak sustatzeko asmotan dira. Oraingoz bi hitzordu iragarri dituzte, ordubetekoak eta telematikoki eskainiko direnak.
Gobernantza eredu partekatuan sakontzeko lanketa
Apirilak 13, astelehena
17:00-18:00 Internet bidezko formazio saioa (gazteleraz): "Zer dira gizarte berrikuntzako laborategiak eta zein da beraien balioa?". Hexagonal proiektuaren bultzatzaile Raul Olivanen hitzaldia.
Apirilak 27, astelehena
18:00 Martxoaren 23ko aurkezpenean ateratako ideien lanketari segida emateko bigarren saioa herri eragileekin Potxoenean.
Ekainak 8, astelehena
17:00-18:00 Internet bidezko formazio saioa (gazteleraz): "Nola sortzen ditugu agenda partekatuak eredu jasangarrietara bideratutako lurralde eraldaketak sustatzeko? ". Tatiana Fernandez ekonomialari eta Shared Agendas proiektuaren sortzailearen hitzaldia.