Gida tresna malgutzat jo du Osasun Sailak, "udalerri bakoitzaren berezitasunetara eta erritmoetara egokitu daitekeena, tokiko autonomia errespetatuko duena eta herritarrak ekintzaren erdigunean jarriko dituena". Edukia sei ardatz hauetan sailkatua dute: parte-hartze soziala, talde dinamizatzailea sortzea, ibilbide irisgarriak eta seguruan diseinatzea, proiektuaren identitatea eta komunikazioa, jarduera osagarriak eta kohesioa, eta, azkenik, ebaluazioa eta jarraipen komunitarioa.
"Ttipi-Ttapa ibiltarien ibilbideak sortzeko proiektu bat da, Osasun Sailak bultzatua, udalerriko hainbat eragile inplikatzeko eta komunitatearen parte-hartzea sustatzeko helburuarekin". Ibiltarien ibilbide horiek "udalerriko komunitate-aktibo ugariren lan koordinatuari eta parte-hartzeari esker antolatzen dira, eta horrek gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko lana edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa errazten ditu" Jaurlaritzaren esanetan.
Egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 40 bat udalerrietaraino hedadura du egitasmoak, 1.500 ibiltari baino gehiago erakartzen dituzte astero. Egitasmo horri lotutako gida kaleratu du orain Osasun Sailak, apirilaren 6ko Jarduera Fisikoaren Mundu Egunaren eta apirilaren 7ko Osasunaren Mundu Egunaren bueltan. "Tresna praktiko horren bitartez, udalerriei lagundu nahi zaie taldean ibiltzea oinarri duten proiektu parte-hartzaileak sustatu, diseinatu eta sendotzen, elkarrekin topatzeko, harremanak izateko eta ongizate kolektiboa hobetzeko aitzakia gisa".
Ttipi-Ttapa egitasmoak argi erakusten du sustatzaileen esanetan, "ibiltzea gisako eguneroko jarduera erraz eta eskuragarri bat nola bihur daitekeen tresna komunitario eraldatzaile. Izan ere, elkarrekin ibiltzeak osasun fisikoa hobetzen du, gizarte-sareak indartzen ditu, bakardadeari aurre egiten dio, berdintasuna sustatzen du eta komunitateak biziago, indartsuago eta gizatiarrago bihurtzen ditu. Gida horrekin, Osasun Sailak beste urrats bat egin du Ttipi Ttapa ekimena lurralde osoan zabaldu, sendotu eta indartzeko bidean, udalerriei eta proiektu hau posible egiten duten pertsonei lagunduta".
Ikastola eta Udala
Gida horren baitan txertatu dituzte Udarregi ikastola eta astearteroko Usurbilgo Udalaren "Goazen Kalera" dinamika. Izan ere, Osasun Sailaren esanetan, "gida honek udalerriei taldean ibiltzea oinarri duten proiektu parte-hartzaileak bultzatzen, diseinatzen eta finkatzen laguntzeko tresna praktiko bat izan nahi du".
Egitasmoak duen atarian, ibilbide osasuntsuak ezagutu daitezke, bertan ezarria duten "Euskadi Aktiboa" izeneko bilatzailearen bidez. Bilatzaile horretan hain zuzen, batetik, Udarregi ikastola agertzen da. Osasun Sailak plazaratua duen informazioaren arabera, ikastolaren hiru egitasmoren berri jaso daiteke; batetik, patioaren erabilera eta genero berdintasuna ardatz dituenari buruzko xehetasunak. Eremu horretan gertatzen zenari buruzko hausnarketa abiarazi zuten duela urte batzuk. "Bertatik ateratako ondorioa izan zen neskek eta baloiarekin jolastea gustuko ez zuten mutilek espazioaren lekurik txikiena eta bazterreko tokiak erabiltzen zituztela eta mutil baloi zaleek hartzen zutela espaziorik zentralena eta zabalena".
Horrez gain, "ikasle guztien nahiak, gustuak eta beharrak ez ziren asetzen zegoen patio ereduarekin eta antolaketarekin, horregatik, ikasleekin hitz egin, beraien iritzia jaso eta hainbat aldaketa egin genituen (porteriak kendu, material ezberdina eskuratu, jolas garaiak beste era batera arautu)". Eraldaketa prozesuan jarraitzen dute parte hartze prozesuen, irakasleen behaketaren eta Ikastolako Kanpo Espazio Taldearen bidez.
Bigarrenik, mugikortasuna eta ohitura osasuntsuak sustatze aldera, Osasun Sailaren bilatzaileak jasoa duenez, "sarritan irteten dira adin ezberdinetako ikasleak ikastolatik inguruko baso, zelai, auzo eta parkeetara. Ohikoa da ikustea Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, nahiz DBH.ko ikasleak beraien irakasleekin herriko txoko ezberdinetan zehar oinez ibilbideak eginez edo jolaserako eta ariketa fisikoa egiteko lekuaren bila".
Horrez gain, "natura eta aire libreko" ekintzak bultzatzen dituzte ikastolatik eta hau ere jasoa du Osasun Sailaren gidak. Horretarako, hainbat espazio egokitu dituzte urteotan ikasleek, irakasleek, gurasoek eta udal brigadak lankidetzan, covid19ak eragindako osasun krisialdiaren harira, kutsatze arriskua murrizteko "klaseak aire librean eman ahal izateko". Esperientzia oso baliogarritzat jo zuten, gerora ere segida eman diotena. Horrekin batera, DBH-koek jolas garaietan ikastola inguruan atsedena hartu nahiz jolasteko lekuak egokitzen joan dira urteotan.
Udarregi ikastolaz gain, Usurbilgo Udalaren beste egitasmo bat ere jasoa du Osasun Sailak; astearteroko ibilaldi osasuntsuen egitasmoa, "Goazen kalera Usurbil" izenekoa. "Euskadi Aktiboa" izeneko bilatzailean irakur daitekeen moduan, "Usurbil Goazen Kalera 2016. urtean hasi zen eta helburu nagusia ariketa fisikoa sustatzea da eta horretarako, oinezkoen taldeak antolatzen dira. Hori guztia, 65 urtetik goragoko pertsonen ongizate fisiko eta mentala hobetzeko asmoz".
Gerora, egitasmoak gaur egunean den horretarainoko bilakaera izan du. "Hasiera batean, adineko biztanleriarekin loturarik ez zutela uste genuen komunitateko eragile berriak sartu direlako. Udarregi
ikastola eta Lanbide hastapeneko ikasleei esker, Usurbil Goazen Kalera sendotu egin da. Adinekoei zuzendutako osasun-sustapeneko proiektu batek komunitate osoari on egiten diola erakutsi digute. Usurbil goazen kalera komunitate osoari irekita dagoen prozesua da".
Eragile gehiago sartzeaz gain, "osasun-sustapeneko proiektu batean eraldatu da, neurri guztietan: integratzailea, komunitate eraikitzailea, partaide izatearen sentimendua sortazten duena eta izaera propioa duena. Horrela, proiektuaren xedea partaidetza sustatzea da eta baita giza- eta gizarte- garapena ere, herritarren arteko kohesioa eta ongizatea lortzeko ikuspuntutik".
Usurbil zaintza eredua eraldatzeko jorratzen ari den bidearen baitan sendotutako egitasmoa da "Usurbil, goazen kalera".
Ttipi-Ttapa egitasmoari buruzko informazio gehiago esteka honetan jaso dezakezue: Ttipi-Ttapa