Zenbait eskubaloi neurketa iragarri ditu astebururako Usurbil K.E.-k; haietako bat Oiardo kiroldegian jokatuko da, gainerako hirurak herritik kanpo. Herritik kanpo jokatuko diren partiden artean, bi final iragarri dituzte; kadete nesken taldeenak hain zuzen.
Eskubaloia
Oiardo kiroldegian
Apirilak 11, larunbata
17:00 Lehen lurraldeko senior neskak: Urbil-Usurbil K.E.-Munttarpe
Oiardo kiroldegitik kanpo
Apirilak 11, larunbata
09:30 Kadete neskak A, Elgoibarko Olaizagan (finala): Tolosa CF Eskubaloia-Cortes Usurbil K.E.
12:45 Kadete neskak B, Zumaiako Lubakin (finala): Amama Taberna Pulpo EK-Bilagun Usurbil K.E.
Apirilak 12, igandea
11:30 1. nazional mailako senior mutilak, Hondarriko Hondartzan: Il Capo Hondarribia-Bidasoa - Saizar Usurbil K.E.
Garagardo Azokaren atarian
Lau eskubaloi neurketa jokatuko dira asteburuan. Horrez gain, Usurbil K.E. Garagardo Azoka antolatzen ari da apirilaren 16tik 19ra. Usurbilgo frontoian egingo da lau egun horietan. 2022ko urriaren 13tik 16ra egin zen azkenekoz. Orduko edizio hura Usurbil K.E.-k eta Usurbil F.T.-k antolatu zuten elkarlanean.
Aurtengo ediziorako, dagoeneko zenbait xehetasun eskaini dituzte antolatzaileek. Horien artean, 2022ko edizioan egin bezalaxe, eskudiruz nahiz txartelarekin ordaindu ahalko diren tiket sistemaren bidez funtzionatuko dute. Bost garagardo berezi eta bi arrunt dastatu ahalko dira lau egun horietan. Edariari laguntzeko, lehenengo bi egunetan, hau da, hilaren 16an eta 17an afariak eskainiko dira soilik; bazkariak eta afariak hilaren 18an eta 19an.
Garagardo Azoka girotua izango da, bereziki larunbatean, hilaren 18an. "Aurten ere herrian giro paregabea sortzea dugu helburu. Musika, kirola, jan-edana eta lagunartea uztartuko dituen asteburua izango da", aurreikusi dute.
Egitarau oparoa osatu asmo dute. "Bazkariak eta afariak, kontzertuak, mus txapelketa, Errege Kopako finala ikusteko aukera… eta, gainera, asteburuko une berezietako bat izango da senior mutilen etxeko azken partida, Barakaldoren aurka, oso garrantzitsua eta denon babesa beharko duena", iragarri dute.
Lau egun horiekin, herria girotu eta Usurbil K.E. diruz lagundu asmo dute. Horretarako, ordea, era berean, laguntza beharko dute lau egun horietan. Eskubaloi taldeen bilgunearen aurreikuspenen arabera, 125 boluntario beharko dituzte Garagardo Azokarako.
Jada laguntzaile talde bat osatua duten arren, "antolaketa aurrera ateratzeko boluntario gehiago behar ditugu, batez ere azoka egunean bertan. Dagoeneko herritar batzuk animatu dira, eta benetan eskertzekoa da, baina oraindik jende gehiago behar dugu lanak ondo banatu eta guztia behar bezala atera dadin".
Zehaztu dutenez, egin daitekeen ekarpena askotarikoa izan daiteke. "Sukaldean, barran, muntaketa eta desmuntaketan, garbiketan… Guztion ekarpena garrantzitsua da; bakoitzak ahal duen heinean lagunduz gero, lana asko arintzen da".
Horregatik, boluntario gisa parte hartzeko deia egin dute. "Oraindik izena eman ez baduzu, animatu eta parte hartu. Denon artean egingo dugu Garagardo Azoka, eta ziur gaude aurtengo edizioa ere giro eta une ahaztezinez betea izango dela".
Interesdunek esteka honetan eman dezakete izena, boluntario gisa: https://docs.google.com/spreadsheets/d/1C-LTFXcAP3BB9egfIUph1TDn2bXfZ7FSCR4ocC_nh4E/edit?usp=sharing