Iazko beste dirulaguntza deialdi baten ebazpena kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 10a

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak garatzeko iazko dirulaguntza deialdiaren ebazpena plazaratu du Usurbilgo Udalak. Gogoan izan, aurtengo deialdi horretara eskabideak aurkezteko epealdiak zabalik segiko du, baita beste zenbait lerroenak ere.

Iazko dirulaguntza deialdi baten ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak, ostiral honetako, apirilaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez; norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak garatzeko deialdiari lotutakoa hain zuzen.

Iazko otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren bere oinarriak. Hortik aurrera finkaturiko epealdiaren baitan, hainbat eskaera aurkeztu ziren dirulaguntza deialdi honek dituen hiru modalitateetan. Izan ere, laguntza berezietarako zazpi eskabide jaso zituen Udalak; beste hiru, taldeetako prestakuntza teknikoetarako; beste bi, kirolarien oinarrizko osasun miaketetarako; eta, azkenik, beste hamar, kluben kirol kuota ordaintzeko.

Hala, guztira, 6.000 euro banatuko ditu kiroletako laguntza berezien atalean, beste 1.000 euro taldeetako prestakuntza teknikoenean, 1.100 euro kirolarien oinarrizko osasun miaketen alorrean eta, azkenik, 947,80 euro eskolaz kanpoko kirol jardueren atalean.

Udalak kaleraturiko ebazpen hau behin-behinekoa da. Biharamunetik zenbatzen hasita hamar eguneko tartea izango dute interesdunek "ebazpen-proposamen honi alegazioak aurkezteko beharrezko ikusten badute".

Hori 2025eko dirulaguntza lerro horren ebazpenari dagokionean. 2026ko deialdirako eskabideak aurkezteko epealdiak zabalik segiko du azaroaren 13ra arte, baita beste zenbait udal dirulaguntza lerroetarako ere. Hemen dituzue xehetasunak:


Usurbil Zabalik dirulaguntzen oinarriak
Xedea: 2026 urtean Usurbilen hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten ekintzaileei laguntzeko, bi diru laguntza lerroren bitartez: enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntzak; jarduera ekonomiko berri bat hutsik dagoen merkataritza lokal batean irekitzeko, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.
Onuradunak:
-Ekintzaile interesatuaren bizilekua edozein izanda, Usurbil edo beste udalerri bat.
-Lehentasuna izango dute: herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek; ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek.
Baldintza nagusiak:
-Usurbilgo lokal huts batean, jarduera garatu ahal izateko lokalik jabetzan ez izatea.
-Jarduera garatzeko, hutsik dagoen Usurbilgo lokal bat alokairuan hartu edo jabetzan hartzea.
-Enpresak Jardueraren alta ematean jardueraren helbidea Usurbilen kokatzea.
-Ekintzaile eta lokal jabearen artean alokairu edo erosketa kontratua sinatzea.
-Jardueraren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen duen proiektua landua izatea, Beterri Buruntza eskualdeko autoenplegu zerbitzuaren jarraibideak jarraituz.
-Tutoretza teknikoa behar izanez gero, Beterri-Buruntzatik bideraturikoa jasotzea.
-Ekintzaileek lokal-jabeekin odolkidetasun edo ezkontzagatiko harremanik ez izatea.
-Egunean egotea Foru Ogasuneko zerga betebehar eta Gizarte Segurantzako diruzaintza orokorrarekiko betebeharrekin.
Zenbatekoa:  aurtengo ekitaldiko baliabide ekonomikoak 27.800 dira. Dirulaguntza hau bi dirulaguntza lerroen artean banatuko da. 11.000 € enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntza lerrorako eta beste 16.800 € bi urtetako lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruz laguntzeko lerrorako. Azken lerro honetarako gehienez ere 9.600 € erabiliko dira 1. urtean eta 7.200 € bigarren urtean. Hala ere, bietako lerroren batean sobera geratuko balitz, zenbateko hori beste lerrora batu ahal izango da.
Eskabideak: irailaren 30era arteko tartea (lehen ebazpena maiatzaren 31ra arteko eskabideekin plazaratuko da; bigarrena, irailaren 30era artekoekin), otsailaren 13tik zenbatzen hasita.
Informazio gehiago: otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Hasiz Hazi dirulaguntza deialdia
Xedea: 2026 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko, beti ere berdintasun, ingurumen eta euskara arloko legeria kontuan izanik.  Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari. Jarduera proiektuarekin hasi berriak, Beterri-Buruntza eskualdeko enpresak sortzen laguntzeko aholkularitza zerbitzuaz baliatu ahal izango dira. Ideia batetik abiatu eta proiektu bat garatzerakoan, enpresaren bideragarritasun plana prestatzerakoan eta abian jartzekoan (finantzaketa, lege-irizpideak, dirulaguntzak) laguntza eskuratu ahal izango dute.
Onuradunak: 
-Beterri-Buruntza eskualdeko udalerriren batean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) erroldatuta dauden pertsonak lehentasunez.
-Enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonak, elkarteak, sortzaileak.    
Baldintzak:
-Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan alta emandakoan enpresaren helbidea Usurbilen finkatzea, hilabeteko epean.
-Enpresa proiektu berri bat garatzen ari direnak, gehienez ere eskaera datatik kontatzen hasita Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan aurreko hamabi hilabetetan alta emanda daudenek, Beterri-Buruntza eskualdeko autoenplegu zerbitzuaren eskutik, negozio ideiaren proiektu proposamena lantzea eta Kabieneko erabilerak irauten duen bitarteko lan plana eskualdeko autoenplegu zerbitzuarekin adostea. Horrekin batera, Kabienen egonaldiak irauten duen bitartean adostutako lan plana gauzatzea (III. eranskina) eta egonaldia hasi eta 12 hilabetetako epean bideragarritasun plana egitea.
-Dirulaguntzaren eskaera data momentutik Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan hamabi hilabetetik gora daramaten enpresek, bere enpresa jardueraren tutorizazio teknikoa onartzeko konpromisoa hartzea. Beharkizun hau betetzat joko da, baldin eta tutoreak uste badu jarraitzea ez dela beharrezkoa.
-
Kabiene elkarlan gunean antolatzen diren ekintzetan partehartzea.
-Usurbilgo Udalarekiko zerga-betebeharretan, tasa eta izunen ordainketetan egunean izatea.
Zenbatekoa: 4.500 € ezartzen dira horretarako. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.742,40 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen. Orokorrean, dirulaguntzaren zenbatekoa, 12 hilabetetako alokairu gastua (120 €/hileko), eta honi dagokion %BEZ-a (25,20 €/hileko) izango da.
Eskabideak: irailaren 30era arteko tartea (lehen ebazpena maiatzaren 31ra arteko eskabideekin plazaratuko da; bigarrena, irailaren 30era artekoekin), otsailaren 13tik zenbatzen hasita.
Informazio gehiago: otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Gizarte-bazterkeriaren aurkako dirulaguntzen deialdia
Xedea: oinarrizko beharrak asetzea da, baliabide ekonomikorik ez eta bestelako laguntzak jaso ezin dituzten pertsona edo familiei zuzenduta daude.  Udal-laguntza hauen helburua da lehen mailako premiak (etxebizitza, mantenua…) eskuratzeko bidea erraztea, beste administrazio batzuen bidez ematen diren prestazioak eskuratu ezin direnean. Bizitza duina izateko ezinbesteko gastuak dira, alegia, osasuna, higienea, etxebizitza eta beste hainbat arlotan gutxieneko parametroak betetzeko ezinbestean bideratu beharrekoak. Prestazio ekonomiko hauek ezohikoak dira, aldi baterakoak, dirulaguntza izaerakoak, subsidiarioak, osagarriak eta finalistak.
Diruz lagunduko diren gastuak:
-Etxebizitza bat eskuratzeko sarrera gastuak.
-Sendagileak agindutako medikazioa, gizarte-segurantzak diruz laguntzen ez duen kasuetan.
-Diruz laguntzen ez diren justiziaren-arloko gastuak.
-Diruz laguntzen ez diren hezkuntza-gastuak.
-Ohiko eguneroko gastuak (elikadura, arropak, garraioa).     
-Aurreko kontzeptuetan zorpetzea egongo dela aurreikusten diren egoerak.
-Udaleko gizarte-langilearen txostenean adierazten diren premia biziko beste edozein gastu.
Informazio gehiago: otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko dirulaguntzak eskatzeko deialdi irekia
Xedea: norgehiagokakoak ez diren kiroletako dirulaguntzak jaso ahal izateko Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, beti ere aurretik udal dirulaguntzarik kontzeptu honengatik jaso ez badute.  
Onuradunak:
-Laguntza bereziak.
-Taldeetako prestakuntza teknikoak.
-Kirolarien oinarrizko osasun miaketak.
-Eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak.
Partida:
-Laguntza bereziak: 6.000 euro.
-Taldeetako prestakuntza teknikoak: 1.000 euro.
-Kiroletako oinarrizko osasun miaketak: 5.000 euro.
-Eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak: 5.000 euro.
Eskabideak: otsailaren 13tik azaroaren 13ra (lehen epealdia, otsailaren 13tik apirilaren 30era arte; bigarrena, irailaren 1etik azaroaren 13ra). 
Informazio gehiago: otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.     

Eskabideak: presentzialki udal erregistroan edo telematikoki usurbil.eus atarian.
Informazio gehiago: https://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak
Deitzailea: Usurbilgo Udala.