Udalbatzaren osoko bilkura

Atsobakarreko partzela desafektatzeari bide eman dio udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 10a

Usurbilgo Udalak Atsobakarren duen partzela desafektatzea onartu zuen aho batez udalbatzak, azken osoko bilkuran.

"Usurbilgo Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-108 (Atsobakar) eremuan, udalaren jabetzakoa den HEU 108.3 Exekuzio Unitateko PD partzela desafektatzea eta ondorioz, ondare-ondasun bihurtzea" onartu zuen aho batez udalbatzak, martxoaren 26ko osoko bilkuran. Erabaki horri lotutako espedientea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki taulan argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabetez jendaurrean jarriko dute.

Erabaki hori azken osoko bilkuran bozkatu eta onartu aurretik, ordura arte gai honi dagokionean eginiko bidea gogorarazi zuen udal gobernu taldeak.

Hasteko, udal gobernu taldetik argitu zuten moduan, "desafektazioa da, ondasun batek jabari publikoko izaera galtzea, erabilera edo zerbitzu publikoari atxikita egoteari uzten dionean eta ondorioz, ondare ondasun bihurtzea gero, salerosketa burutu ahal izateko".

Erabilerarik ez
1999. urtean lerrootan mintzagai dugun Atsobakarreko partzela jaso zuen Usurbilgo Udalak. Baina ordutik, "partzelan ez da inoiz inongo erabilerarik ezarri, eta ez da aurreikusten inongo erabilera publikorik ezartzea ere. Beraz, ez dago erabilera publiko eraginkor bati lotuta".

Ildo horretan, "Udalak onartu zuen 2022-26 urte arterako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoan ere ez du inolako erabilerarik aurreikusten Atsobakarreko partzelarako", azaldu zuen Ainhoa Arrozpide zinegotziak azken osoko bilkuran, "izan ere, erreserbako ekipamenduko beste partzela batzuk baditugu etorkizuneko kirol ekipamendu beharrei erantzuteko".

Legez bideragarria
Testuinguru horretan, Usurbilen mugakidea den Lasarte-Oriako Udalak aipatu "lurzatia erosteko asmoa azaldu zigun", Atsobakarren dituen kirol instalakuntzak handitu eta hobetzeko. Horren harira, bi udalok "Usurbilgo Udalaren jabetzakoa den HEU 108.3 Exekuzio Unitateko PD partzela zuzenean besterentzeko jarduketak eta baldintzak arautzeko lankidetza hitzarmena" sinatu zuten iaz.  

Hitzarmen hartan jasoa denez, "zuzeneko esleipena eta jabetzaren transmisioa eskritura publiko bidez formalizatuko dira, gehienez ere bi hilabeteko epean, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita".

Salerosketa hori HAPOa onartu eta aipatu bi hilabeteko epealdian onartu behar izan, eta "prozedura honek hilabeteko epean jendaurrean egon behar duenez, etxeko lanak aurretik egiten hastea" komenigarritzat jo zuen udal gobernu taldeak. Espediente honi bide ematea udalbatzari dagokionez, martxoaren 26ko osoko bilkurara eraman zuen gaia udal gobernu taldeak. "Ez dago desafektazioa eragozten duen arau berezirik eta interes publikoko justifikazio egokia eta arrazoitua denez, desafektazioa legez bideragarria dela ulertzen da".