Dakizuenez, iaztik presentzialki soilik ez, Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko bilkurak telematikoki ere zuzenean jarraitzeko aukera duzue. 2025eko irailetik zuzenean ikus daitezke udalbatzaren hileroko ohiko osoko bilkurak, baita, tarteka deitu ohi dituzten ezohiko izaerakoak ere Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean hain zuzen.
Azkenaldian, ordea, beste urrats bat ere eman du Udalak osoko bilkuretan hartzen diren erabakien berri ahalik eta modurik irisgarrienean herritarrei helarazteko, alor honen digitalizazioan sakontzeko. Bideo akten tresna abiarazi du. "Osoko bilkurako edukiak sailkatuta erakusten ditu, puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", zehaztu dute Udaletik. Tresna berri hau inplementatzeko zereginotan esperientziaduna den Goiena kontratatu du Udalak. "Osoko bilkuren aretoko sistemarekin bideoa grabatu eta Goienaren esku uzten du udalak, bideo akta forma eman diezaion. Hala, aurrerantzean, bilkurak izan eta egun batzuetara ikusgarri jarriko dira udalaren webgunean".
Hala egin zuten, esaterako, otsaila amaierako osoko bilkurako edukiekin, eta gauza bera egin dute baita martxoaren 26ko saioarekin ere. Hitzordu horren bideo aktak ikusgai dituzue dagoeneko https://usurbil.bideoaktak.eus/ atarian.
Aurrerantzean, beraz, datozen osoko bilkurak ere modu berean ikusteko aukera izango duzue. "Bideoaren ondoan bilkurako gaien zerrenda ageri da: erabiltzaileak aukera dezake osorik ala puntu bat edo beste ikusi nahi duen, eta, era berean, puntu bakoitzean hitz egiten duen hizlariaren araberako sailkapena ere egiten du. Azpititulurik gabe edo azpititulatuta ikus daitezke bideoak; euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dira, eta irakurketa erosoa eta irisgarria izateko ezarpenak aldatzeko aukera ematen du. Azpitituluak itzultzaile automatikoarekin sortuak dira, bideoaren audioa transkribatu ostean".
Udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki" eman dute urrats berria; "bideo grabazio huts izatetik, bideo aktarako jauzia egitea, alegia".