Diru kontuei ere tartea eskaini zieten martxoaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran. Udal kontuhartzaileak gai horri lotutako xehetasunen berri eskaini zien udal ordezkariei. 2025eko aurrekontuen emaitza positiboa izan zela jakinarazi zuen; zehazkiago esanda, 1.660.010,73 eurokoa. Ondorioz, iazko "diru-sarrerekin 2025an sortutako gastuak finantzatzeko ahalmena izan du udalak, eta, gainera, 1.660.010,73 euroko soberakina sortu du".
Ohi bezala, 2026ko lehen hiruhilekoan udalentzat aurreko urteko kontuen itxiera garai honetan, udal kontu hartzaileak berri emandakoaren arabera, "2025eko kontuen likidazioak betetzen ditu aurrekontu egonkortasunari lotutako hiru betekizunak. Batetik, 714.316,31 euroko superabita izan du; hau da, ohiko sarrerak ohiko gastuak baino handiagoak izan dira. Bestetik, zor bizia %23,13ekoa da, legeak baimentzen duen %70eko langatik urrun. Eta, azkenik, gastu arauari dagokionez, ez du gastu muga gainditu: 11.779.786,73 eurokoa zen muga, eta hori baino 165.215,85 euro gutxiago gastatu ditu". Ondorioz, "horiek guztiak kontuan hartuta, udalak ez du Plan Ekonomiko Finantzariorik egin beharko".
Ez hori bakarrik. "Likidazioa egin ostean, aurrekontuaren emaitza positiboa bada, diruzaintza gerakineko zati bat hurrengo urteko aurrekontuetara pasa dezakete udalek. Aurten, 6.054.898,96 euroko txertaketa egingo da: 2026rako hasieran onartutako 14.348.103,59 euroko aurrekontuari gehituta, 20.403.002,55 eurokoa da Usurbilgo Udalaren aurtengo aurrekontua".
Horrez gain, udal aurrekontuek urte hasieratik amaierara izandako bilakaera ere zehaztu zuen. "2025 hasierako aurrekontua 15.235.194,67 eurokoa bazen ere, urtean zehar egindako kreditu txertaketekin eta kreditu gehigarriekin, 2025eko behin betiko aurrekontua 21.735.439,50 eurokoa izan zen".