Usurbil Kirol Elkartea albiste dugu aste hasiera honetan, asteburuko emaitzak nahiz datorren Garagardo Azoka tarteko. Hasteko, egunotan jokatutako neurketei dagokienean, bi final saio zituen jokoan eskubaloi taldeen bilguneak; biak ala biak kadete nesken taldeenak ziren; bat galdu eta bestea irabazi dute. Izan ere, kadete nesken A taldeak (Cortes Usurbil K.E.-k) Tolosa CF taldekoekin izandako partida 29-25 galdu dute; aldiz, Bilagun Usurbil K.E. B taldeak 16-23 irabazi dio Amama Taberna Pulpo EK taldeari.
Asteburuak, gainera, eskubaloi taldeen bilguneari lotutako albiste gehiago ekarri dizkigu. Izan ere, Usurbil Kirol Elkartetik jakinarazi dutenez, aurten lehen nazional mailako senior mutilen taldea zuzentzen ari den Aitor Santosek bere entrenatzaile postua utziko du 2025-26 denboraldia amaitzean. "Pasai Antxoko entrenatzaileak, kluba 1. nazionalera itzuli den denboraldi honetan, taldearen lidergotza utziko du aurtengo denboraldia amaitutakoan", jakinarazi du Usurbil K.E.-k. Aipatu kirol elkarteak "zorte handia opa dio Aitorri datorren denboralditik aurrera ere bere ibilbide berrian".
Halere, ohartarazi duenez, "une hori iritsi aurretik asko dago borrokatzeko. Dagoeneko lortutako puntuak maila mantentzeko nahikoa izan daitezkeen arren, puntu batzuk gehiago lortzeak maila mantentzea bermatuko luke matematikoki".
Garagardo Azokarako egitaraua prest
Aipatu moduan, bestalde, Garagardo Azoka antolatu du Usurbil Kirol Elkarteak aste honetarako, apirilaren 16tik 19ra. Egitaraua prest du eta jakinarazi du jada, segidan duzue. Musikaz eta nola ez, kirol ekintzekin girotuko dituzte lau azoka egunak.
Bera Bera eskubaloi taldekoen etorkizuneko entrenatzaile nagusi Urdaiagako Jon Begiristain Agirrek parte hartuko du hilaren 16ko irekiera ekitaldi ofizialean. Aipatu moduan, egunero musikaz girotuko dute azoka. Igandean, zozketaren sari banaketa eta mus txapelketa antolatu dituzte. Bezpera, hilaren 18a, kirol hitzorduen bueltan joango da azokan. Senior mutilen lehen nazional mailako taldearen neurketa jokatuko da hasteko. "Asteburuko une berezietako bat izango da senior mutilen etxeko azken partida, Barakaldoren aurka, oso garrantzitsua eta denon babesa beharko duena", iragarri dute.
Iluntzean, Realak Sevillan Errege Kopako finala jokatuko du. Final hori pantaila erraldoi bidez zuzenean eskainiko dute Garagardo Azokan.
Tiket sistema eta boluntarioei deia
Gainerakoan, noski, ez da jan-edanik faltako. 2022ko edizioan egin bezalaxe, eskudiruz nahiz txartelarekin ordaindu ahalko diren tiket sistemaren bidez funtzionatuko dute. Bost garagardo berezi eta bi arrunt dastatu ahalko dira lau egun horietan. Edariari laguntzeko, lehenengo bi egunetan, hau da, hilaren 16an eta 17an afariak eskainiko dira soilik; bazkariak eta afariak hilaren 18an eta 19an.
Lau egun horiekin, herria girotu eta Usurbil K.E. diruz lagundu asmo dute. Horretarako, ordea, era berean, laguntza beharko dute lau egun horietan. Eskubaloi taldeen bilgunearen aurreikuspenen arabera, 125 boluntario beharko dituzte Garagardo Azokarako.
Jada laguntzaile talde bat osatua duten arren, "antolaketa aurrera ateratzeko boluntario gehiago behar ditugu, batez ere azoka egunean bertan. Dagoeneko herritar batzuk animatu dira, eta benetan eskertzekoa da, baina oraindik jende gehiago behar dugu lanak ondo banatu eta guztia behar bezala atera dadin".
Zehaztu dutenez, egin daitekeen ekarpena askotarikoa izan daiteke. "Sukaldean, barran, muntaketa eta desmuntaketan, garbiketan… Guztion ekarpena garrantzitsua da; bakoitzak ahal duen heinean lagunduz gero, lana asko arintzen da".
Horregatik, boluntario gisa parte hartzeko deia egin dute. "Oraindik izena eman ez baduzu, animatu eta parte hartu. Denon artean egingo dugu Garagardo Azoka, eta ziur gaude aurtengo edizioa ere giro eta une ahaztezinez betea izango dela".
Interesdunek esteka honetan eman dezakete izena, boluntario gisa: https://docs.google.com/spreadsheets/d/1C-LTFXcAP3BB9egfIUph1TDn2bXfZ7FSCR4ocC_nh4E/edit?usp=sharing
Garagardo Azoka 2026
Apirilak 16, osteguna
Ordutegia: 18:30-00:00.
18:30 Azokaren irekiera, Jon Begiristainen eskutik.
19:00 Anuk eta Elene.
Apirilak 17, ostirala
Ordutegia: 18:00-02:00.
18:00 Azokaren irekiera.
20:00 Lua Matheus eta Rodrido.
Ondoren, DJ.
Apirilak 18, larunbata
Ordutegia: 12:00-02:00.
12:00 Azokaren irekiera.
19:00 Senior mutilen, 1. nazional mailako taldearen neurketa: Usurbil K.E.-Barakaldo.
21:00 Realaren eta Athletico Madrilen arteko Errege Kopako finala zuzenean pantaila erraldoi bidez.
Ondoren, DJ Rodrigo.
Apirilak 19, igandea
Ordutegia: 12:00-20:00.
12:00 Azokaren irekiera.
13:30 Zozketaren sari banaketa.
16:00 Mus txapelketa (izen-ematea 15:30-16:00 artean).
20:00 Azokaren itxiera.
Antolatzailea: Usurbil Kirol Elkartea.
