Udan ere ariketa fisikoa sustatzeko hainbat jarduera iragarri ditu Udalak uztailaren 1etik 30era (hilaren 2ko jaiegunean izan ezik) haur eta gazteentzat (aisialdia, mugimendua eta jolasak uztartzen dituzten kirol txokoak, skatea, eskalada, gimnasioko tresnak ezagutu eta entrenamendu saio egokiak egiten ikasteko saioak), 16 urtetik gorakoentzat (spinning, pilates, 3. adina, mantentze gimnasia, konbinatua, entrenamendu funtzionalak, multigym, total training) nahiz 16 urtetik gorako emakumeentzat (haurdunentzat, erditze ostekoentzat eta oinarrizko indar entrenamendua lantzeko saioak).
Berrikuntza nagusia skate ikastaroa izango da. Bizkarreko skate parkea eraberritu ondotik, herritarrek mailegatzeko zortzi skate erosi ditu Udalak jarduera hau gizarteratzeko. "Kiroldegiak skatea utziko dio behar duenari, baina kaskoa eta bestelako babesgarriak norberak eraman beharko ditu". Bestalde, ezingo da ordutegi berdinean antolatzen dituen bi jarduera desberdinetan izena eman. Azkenik, "zerbitzuen zentzuzko erabilera bermatze aldera, haur guztien asistentzia datuak jasoko dira".
Ikastaroen eskaintzarako izen-ematea apirilaren 16tik 27ra izango da, lotura honetan: https://forms.gle/tjCgqGBKuxdT23Nc9.
Informazio gehiago: 943 37 24 98 / kirola@usurbil.eus.
Konponketa lanak
Asteotan konpontzen hastekoak dira iazko abuztuko suteak kaltetutako Oiardo kiroldegiko eremua. Bost bat hilabetez luzatuko direla aurreikusi dute.
Eraberrikuntza lanok esleitu berri dizkie Udalak Igez Eraikuntzak SL enpresakoei, 641.396,50 euroan. Aurreikusi baino gehiago luzatu da lanak esleitzeko prozesua, Udalak "prozedura ahalik eta gehien azkartzeko bokazioz arituta ere," deialdia bitan egin behar izan baitu. "Lehenengoan, esleipena eskuratu zuen enpresak agiri bat falta zuen, eta ezinbestekoa zen lanak esleitu ahal izateko. Bigarren ahaleginean, iragarkirik gabeko esleipen negoziatua egin da: udalak hiru enpresari eskatu die obrak gauzatzeko proposamen bat aurkezteko, hamar laneguneko epea emanez. Bakarra aurkeztu da, Igez Eraikuntzak: egindako proposamenak eskatutako baldintza guztiak betetzen dituenez, horri esleitu zaizkio lanak".
Gogoan izan, iazko abuztuaren 27an izandako suteak bereziki sauna eta igerilekua kaltetu zituen. "Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz. Udalak egindako azterketak 641.000 euroan baloratu zituen kalteak. Obrak egin ahal izateko prozedura ahalik eta gehien azkartzeko, eta horretarako gaitasun ekonomikoa zeukalako, 641.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen urriko osoko bilkuran. Aseguru etxeak oraindik ez du ofizialki jakinarazi sutearen kalteak zenbateraino estaliko dituen".
Albiste pozgarritzat jo du eraberrikuntza lanei ekitea udal gobernu taldeak, baina "ikusi beharko da obrak hasten direnean aurrez ikusi gabeko kalte gehiago agertzen ez ote diren. Udazkenerako kiroldegia erabat ireki nahiko genuke, baina halakoetan ezin izaten da erabateko ziurtasunez baieztatu aurreikusitako epeak betetzeko aukerak izango direla".
