Udaberriko oporraldia igaro berritan, hurrengoak programatzen hasteko garaia izango da etxe askotan; tartean, gaztetxoen urteko atsedenaldi luzeenerako aisialdi tartea. Dakizuenez, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak Udajolas izeneko aisialdi ekimena antolatzen dute urtero; aurtengoan ere hala izango da.
Adi, izen-ematea irekitzear baita. Ostegun honetan, apirilaren 16an hasi eta hilaren 27ra arteko epealdia izango dute interesdunek udalekuotan parte hartzeko tramitazioa bideratzeko. Ohi bezala, 4-12 urte artekoei zuzenduriko eskaintza izango da, HH3-LH 6 mailetan dabiltzanentzat. Aurten, Usurbilgo jaiak amaitu eta biharamunean hasiko da Udajolas, uztailaren 6an; amaitu, aldiz, hilaren 30ean. Ordura arte, astelehenetik ostiralera eskainiko da, goizez eta lau orduz, ohi bezala, 09:30-13:30 artean. Ostegunetan, txangoak egingo direnez, 16:30ak arte luzatuko da Udajolas.
"Udajolasen helburua da Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia bermatzea, hezitzailea eta balioetan oinarritua, euskararen normalizazioa bultzatzeko", antolatzaileen esanetan.
Segidan dituzue, Udajolasen izena eman ahal izateko ordaindu beharko duzuen diru kopuruaren nahiz ordainketa moduen berri, baita aurkeztu beharreko agiriei buruzko xehetasunak ere. Aipatu moduan, ostegunean, hilaren 16an irekiko da Udajolaserako inskripzio epealdia.
