24. Korrika

Korrikaren 12. Eguna, Etumeta AEK euskaltegian ere

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 14a

AEK-k 24. Korrika amaitu berritan iragarritako "Korrikaren 12. Eguna" egingo da apirilaren 22an; tartean, Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegian. Ordubeteko doako eskola eskainiko dute "oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat".

24. Korrika arrakastatsua martxoaren 29an Bilbon helmugaratu berritan, euskararen aldeko lasterketa ez zela amaitu gogorarazi zuen AEK-k; lasterketari beste egun bat, hamabigarrena erantsi zioten; "Korrikaren 12. eguna" ekimena iragarri zuten datorren apirilaren 22rako. "Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena", jakinarazi zuten.

Doako ordubeteko eskolak eskainiko ditu AEK-k hilaren 22an Euskal Herrian dituen euskaltegietan. "Ordubeteko eskola emango dugu, doan, gure 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat", iragarri du AEK-k. Deialdi horretara batu dira Usurbilgo eta Lasarte-Oriako euskaltegiak ere. Modu horretan, NOAUA!ri jakinarazi diotenez, Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegiak goiz partean eskainiko du doako saio hori, 10:00-11:00 artean; Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegiak, aldiz, arratsalde partean eskainiko du eskola, 18:00-19:00 artean. Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue: 607 609 379 / usurbil@aek.eus

Horrez gain, adi, izango da eta hamahirugarren egun bat ere. "Maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean!", iragarri dute. Ostegun horretarako, "65 mintzodromo antolatuko ditugu" jakinarazi dute, "Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz". Ekimen horiei buruzko informazio gehiago jaso nahiz izena emateko esteka hau duzue eskuragarri: korrika.eus/eu/etaizangogara

"Korrikan parte hartu duzu, dagoeneko egin duzu urrats garrantzitsua. Hemendik aurrera, nola jarraitu ahal duzu euskararen munduan murgiltzen? Euskara praktikatu nahi baduzu... Mintzodromoetan parte hartu!", egin dute gonbita AEK-tik.


Balantze gozoa
Iragandako hamaika Korrika egunei dagokienean, parte hartzea masiboa izan dela nabarmendu zuen AEK-k martxoa amaieran eginiko agerraldi bidez. “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”. 

Markak hautsi direla azpimarratu zuten. "Inoiz baino lekuko-hartze gehiago izan dira, 3400tik gora; eta askoz lagun gehiagok eraman dute lekukoa”.

Edizio hau "Pizkundearen Korrika" dela gogorarazi zuten, "pizkunde berri baterako lehen txinparta. Horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita".

Izan ere, "gazteok ez dituzte ausaz aukeratu: guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla. Hala, euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita".

Belaunaldi horren esku-hartzea ezinbestekotzat jotzen du AEK-k Euskal Herri euskalduna izateko, "horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”. Horrekin batera, hurrengo hitzordura begira direla jakinarazi du; ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira hain zuzen. "Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz”.

Korrikan lekukoa eramatetik haratagoko konpromisoa eskatu zien AEK-k ordezkari politikoei; babes juridiko eta politikoarekin batera, "Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”. Ekimenean parte hartu duten eragile guztiei "ekiteko engaiamendua" galdegin zien.