"Arrobiltzarra" deitu du ostegun honetarako, apirilaren 16rako, Arrobitxulo elkarguneak, arratsaldeko 17:30etan Artzabalen kokaturiko gazte lokalean. Deitzaileek jakinarazi dutenez, “Arrobitxulo elkargunearen egitasmoaren definizioan jarraitu eta hurrengo arrobiekintzak garatzeko” baliatuko dute hitzordua.
Gogoan izan, urte amaiera eta hasiera bizia izan zuen kultur eragileak, aisialdikoak eta gazte mugimendua biltzen dituen elkarguneak. Batetik, askotariko eduki eta formatuak tartekatu zituen Arrobitxulo elkarguneak abenduaren 15etik 26ra antolaturiko "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo Eraikitzen" topaketetan. Aste horietan bizitakoa iruditan bildu genuen, esteka honetan: "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen".
Gerora, otsailaren 13an eragile gehiagorekin antolaturiko herri inauteriekin ere bat egin zuen elkarguneak. Ekaitz giroa tarteko, ordea, egokitu eta laburtu beharra izan zuten ospakizun egun hura. Martxoaren 14an eginiko Gazte Egunari ekiteko, azkenik, EHZ-koekin lankidetzan "kulturgintzari ekin" tailerra sustatu zuten bilgune honetako eragile hainbatek. Kultur ekitaldi bat hutsetik gauzatzerainoko lanketa bidea jorratzea zuen xede, 16-20 urtekoen artean.
Ostegun honetako, apirilaren 16ko hitzorduarekin, hurrengo ekimenak garatu nahiz egitasmoa definitzen segi asmo dute.