LIBURUAREN EGUNA

Itxaro Borda: "Ibon RGren musikak nire testuak gozatzen ditu"

Erredakzioa 2026ko apirilaren 20a

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ohitura dute udal liburutegian. Aurtengoan, Itxaro Borda izango da egun seinalatuan arituko den idazlea. Ez da bakarrik etorriko. Ibon RG musikariarekin batera, Itzalen tektonika (Susa, 2024) poesia liburuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko du apirilaren 23an, Sutegin.

Itzalen tektonika (Susa, 2024) poesia liburua aurkeztuko duzu apirilaren 23an Sutegin. Ibon RG musikaria izango duzu alboan. Kantak eta poemak tartekatuko dituzuela pentsa daiteke. Nola definituko zenuke emanaldia? 

Uste dut emanaldi mistoa izanen dela, nire ahotsa entzunen da eta zati batzuetan, musika bakarrik ere bai. Ibon bere sintetizadorearekin etorriko da eta beste soinu-tresna frankorekin. Giroa sortzen dakien artista da. Bakoitzak bere bizia eginen du taula gainean, ordubete horretan, une oroz elkarri adi egonez haatik.

 

Aurretik ere aritu izan zara oholtza gainean Ibon RGrekin. Zer nolako ekarpena egiten dio Ibonek zure lirikari?

Bada aspaldi oholtzetan batera gabiltzala, 2019an sortu genuen Buztinezko Etorkizuna izeneko ikuskizunaz geroztik hain zuzen. Hainbat aldiz eman genuen Euskal Herrian zehar eta bistan dena, naturalki segitu dugu, hitzak eta musikak uztartzen, Mosen Bernat Etxepare, Bizenta Mogel edo Itzalen tektonika poema bildumako olerki-irakurketa hau bezala! Ibonen musikak nire testuak gozatzen ditu, troxatzen ditu eta ez dira hain umezurtz sentitzen…

 

Bi urte dira liburua plazaratu zenuenetik. Pozik al zaude liburuak osatu duen ibilbidearekin?

Bai, poesia ez da beti lehen ziztuan berean hartzen den zerbait eta gertatzen da musikaren edo irudien laguntzarekin errazkiago heltzen garela publikoaren bihotzera. Itzalen tektonika ikusgarri hau Elizondoko Txokoto ostatuko Raquel Pradoren gomendioz abiatu genuen Joseba Irazokik eta biok. Gaurkoan ene olerkiek Ibon RG-rekin eginen dute beren bide puska.

 

"Usurbilen etxean bezala sentitzen naizela aitor dut"

 

Usurbilen arituko zara, Sutegin hain zuzen. Lagun asko dituzu inguruan, eta herriarekiko harremana aspalditik datorkizu. Zure kasuan, Usurbilen aritzea, etxean bezala aritzea dela esan daiteke, ezta? 

Bai hori egia da, Usurbilen etxean bezala sentitzen naizela aitor dut. Aspalditik gainera, ‘Geuretik sortuak’ proiektuaren baitan hiriarekiko eta herritarrekin harremana sakontzeko aukera ukan nuen, eta orain Booktegi-ren bestaren karietara urtero etortzen naiz, Patri jatetxean afaltzeko ideia finkoarekin…

 

Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu da zuen emanaldia. Garai labainkor hauetan, inoiz baino zentzu gehiago dute halako egunek, ezta?

Egia da, halako zaurgarritasun bat nabaritzen zaiola paperezko liburuari eta jakitate materialari. Alta plazer bat da, balio sentimentala baizik ez duen liburu zahar bat karrikan aurkitzea, emozio bat da, nahiz eta garai numeriko eta immaterial hauek ekar diezaguketena ez den gutxiestekoa. Eta zorionak Usurbilgo udal liburutegiari, 20. urteurrenarengatik!

 

Liburutegiko deialdiak

Apirilak 23, osteguna

18:30 Liburuaren Egunean, 'Itzalen tektonika' emanaldia.

 

Apirilak 28, asteartea

18:00 'Liburua lagun, ipuina kontakizun' saioa Ixabel Agirresaroberen eskutik; haurrentzat eta beren guraso edo laguntzaileentzat. Iraupena 50 minutu.

 

Maiatzak 5, asteartea

18:00 Irakurketa-solasaldia, 9-10 urtetik gorako haur eta gaztetxoentzat: Mariasun Landaren 'Txan Fantasma'. Liburuak jada eskuragarri dituzue udal liburutegian.