Bazkidetza da NOAUA! Kultur Elkarteak bizirik segitzeko ezinbestekoa duen zutabeetako bat. Bilgune honetako bazkideak ditugu lerrootako protagonistak. Izan ere, batetik, bazkideen urteko bilkura nagusia deitu du NOAUA! K.E.-k apirilaren 21ean Potxoenean. Lehen deialdia 17:30etarako finkatu du, bigarrena arratsaldeko 18:00etan. Urtero moduan, iazko memoria eta balantze ekonomikoa, aurtengo egitasmoak eta aurrekontuak edota zuzendaritza batzordearen osaketa eta onarpena hartuko dituzte ahotan. Amaieran, galde-erantzunetarako tartea izango da.
Hobaria, bazkidetzaren truke
NOAUA! Kultur Elkarteko bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, iazko errenta aitortzeko garaia heldu den honetan, bazkidetzagatik hobaria jasotzeko aukera. Gogoan izan, NOAUA! K.E.-ko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean aipatu moduan, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean.
30 urte
Hiru hamarkadako ibilbidea osatu du kultur elkarte honek. Maiatzean beteko dira 30 urte hain zuzen, 0. alea argitaratu zuenetik. 1996. urteko maiatzeko Sagardo Egunaren bueltan izan zen. Urtemuga hau ez da oharkabean igaroko. Hilabeteotan, xehetasun gehiago.
Errigora
NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin zuen beste behin, 24. Korrikak omendutako Errigoraren udaberri hasierako "Eskuz Esku" kanpainarekin. Martxoaren 18ra arte eska zitezkeen Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak. Hala eginda, erosketa horien irabazien laurdena eremu horietako euskalgintza laguntzera bideratuko da. Kanpaina horretan eskaturiko produktuen banaketa maiatzaren 8an (16:30-19:30) eta 9an (09:30-12:30) egingo du kultur elkarte honek; iaz bezala, Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan.
Zozketak
Albiste hau hasi bezala amaituko dugu; NOAUA! Kultur Elkartearen bazkideak mintzagai ditugula. Izan ere, tarteka hainbat zozketa egiten ditugu bazkideon artean. NOAUA! kide izatearen abantailetako bat duzue. Segidan duzue, azkenaldian saritutako bazkide taldea.
Batetik, martxoaren 25ean gure artetik igarotako 24. Korrikari lotutako produktuen zenbait lote zozketatu genituen. Hona hemen, saritutako bazkideak: Olatz Goenaga Urbistondo, Luis Mari Bengoetxea Izeta, Kaxilda Iturralde Muguruza eta Iban Maritxalar Elizondo.
Bestalde, "Eskuz Esku" aurtengo Errigoraren lehen kanpainako bi otar ere zozketatu ditu kultur elkarte honek bere bazkideen artean. Ainhoa Labaka Iribar eta Asier Makazaga Beristain izan dira sarituak. Zorionak denei eta milesker kultur elkarte hau sostengatzeko egiten duzuen ahaleginagatik!
Errigoraren "Eskuz Esku" kanpainako kaxen zozketako bazkide sarituak
Asier Makazaga Beristain
Ainhoa Labaka Iribar (Joseba Pellejerok jaso zuen)
24. Korrikaren produktuen zozketako bazkide sarituak
Kaxilda Iturralde Muguruza