Ingalaterra hegoaldeko kostaldean kokaturiko Bournemouth hiriko futbol taldeko entrenatzaile izateari utziko dio Andoni Iraolak jokoan den 2025-26 denboraldi hau amaitutakoan. Hala baieztatu du aipatu klubak berak ohar bidez, astearte arratsalde honetan. 2023az geroztik aritu da zuzentzen aipatu taldea usurbildarra.
Arrakastatsutzat jo ditu klubak urteok eta segidan duzuen irudiaren bidez eskerrak helarazi nahi izan dizkio Iraolari. "Nola ez, bere erabakia errespetatzen dugu eta eskerrik asko klub honen alde egindako guztiagatik azkeneko hiru urteotan", adierazi dio taldeak usurbildarrari.
Berari buruz intentsitatea, berrikuntza eta filosofia argia nabarmendu ditu klubak, taldea goratzen lagundu duten ezaugarriak zelaian eta handik kanpo. Jokalarien onena azaleratzen asmatu izana ere azpimarratu dute. Klubak plazaraturiko oharrak Iraolaren zenbait hitz jaso ditu baita. "Ohorea izan da taldea zuzentzea. Elkarrekin lortu dugunaz harro nago. Lan egin dudan jokalariekiko eta lankideekiko esker ona baino ez dut". Usurbildarraren esanetan, "sentitzen dut hauxe dela une egokia niretzat" taldea uzteko baina nabarmendu duenez, "beti eramango ditut nirekin klub honetan izandako oroitzapen ederrak".
Klubak bere "esker zintzoena" adierazi dio Iraolari, klubari eginiko "bere ekarpen bikainagatik eta onena desio diogu berari eta bere familiari etorkizunerako".
Usurbildarrak hurrengo denboraldian zer egingo duen argitzeke dago gaurkoz.
Jokalari izatetik entrenatzaile postura
Rayo Vallecano utzi eta duela hiru urte heldu zen Ingalaterrara usurbildarra. Aurretik, hiru urtez, Rayo Vallecano entrenatzen aritu zen, baita Bigarren Mailako Mirandes eta Zipreko AEK Larnaca taldeak.
Futbol jokalari izateari utzi zion Iraolak 2016an, ia ibilbide osoa Athletic taldean jokatu ostean. Ibilbide luzea osatu zuen Iraolak futbolari gisa. Elite mailan 12 urtez aritu zen, Athleticen. 2003-2004 denboraldian hasi zenetik 500 partida baino gehiagotan parte hartu zuen. Gero, AEB-tako New York City FC taldean aritu zen epe labur batean.
2019an hasi zuen entrenatzaile gisa bere ibilbidea; Txipreko AEK Larnaca zuzendu zuen 2020ra arte. Tarte horretan, taldea Europa Leaguen sailkatu eta Txipreko Superkopa irabaztea lortu zuen.
Thank you for everything, Andoni ❤️ pic.twitter.com/LpHEgaLx0N
— AFC Bournemouth 🍒 (@afcbournemouth) April 14, 2026