Eraso matxisten aurrean kalera atera eta mobilizatzeko deia egin du Usurbilgo Mugimendu Feministak. Ildo horretan, elkarretaratzea antolatu du larunbat honetarako, apirilaren 18rako, eguerdiko 12:30etan Mikel Laboa plazan. Antolatzaileek gogorarazi moduan, urte hasieraz geroztik hiru emakume* erail ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian; azkena, iragan igandean, apirilaren 12an, Iruñeako Sanduzelai auzoan. "Indarkeria matxistak BESTE emakume bat erahil du Iruñako Sanduzelai auzoan!", larunbateko elkarretaratzeko deitzaileek nabarmendu duten moduan. Emakume* bat hil zen bere etxeko leihotik ihes egiten ari zenean. Egun berean, hiriburuko udaltzaingoak bikotekide ohia atxilotu zuen. Behin-behinean espetxera bidali dute. Urruntze agindua urratu eta legez kanpoko atxikitze delitua egotzi dio epaileak.
Hamar egunetan izandako bigarren erailketa da honakoa. "Hamar egunetan bi erailketa matxista eta beste hilketa saiakera bat egon dira Euskal Herrian!!!", salatu du Usurbilgo Mugimendu Feministak. Izan ere, apirilaren 3an, Basaurin Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen ustez bikotea erailtzeagatik. Biharamunean aske utzi zuten, handik gutxira berriz atxilotu zuten ordea, lapurreta bortitz bat egin izanagatik. Hilaren 8an Berrizen, gizon bat atxilotu zuten, erailketa matxista saiakera egotzita.
Iruñeako Sanduzelaikoa, gainera, aurtengo Nafarroako bigarren erailketa matxista izan da, Euskal Herri mailako hirugarrena. Nafarroan izandako aurreko erailketa eta Euskal Herriko 2026ko lehenengoa, otsailaren 20an izan zen. Gizon batek haren bikotekidea labanaz eraso eta erail zuen Sarrigurenen eta bere ama ere zauritu zuen.
Eraso zenbaezin gehiagoren artean, hiru dira urte hasieratik Euskal Herrian izandako erailketa matxistak. Horren aurrean, Usurbilgo Mugimendu Feministak, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egunotan egin bezala, mobilizatzera deitu ditu herritarrak larunbat honetan, hilaren 18an, 12:30etan Mikel Laboa plazan, "eraso matxistarik ez! Aski da" aldarripean. "Aski da! Nazkatuta gaude! Batu herriko mobilizaziora!", deitu du Usurbilgo Mugimendu Feministak.
