Zerk bultzatu zintuen "Botez bote 100 urte Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa 1925-2025" liburua idaztera?
Ni Pilotaren Batzarreko sare sozialen arduraduna naiz duela hamar urte baino gehiagotik, eta nire ikerketa-tesia pilota plazen inguruan egin nuen, 'Pilota plazen bilakaera frontoietara'. Horrez gain, 'Bote Luzea' ekimenaren hasieran egon ginen. Beti pilotari lotuta egon naiz baita pilotaren munduaren ikerketetan ere. Horregatik gonbidatu ninduten liburuan parte hartzera. Nik uste dut liburua ezinbestekoa dela federazioaren sorrera eta bilakaera azaltzeko. Lantalde hori izan da liburua sortzeko iturburua.
Nola laburtuko zenuke liburua?
Liburuak bi atal nagusi ditu. Lehenengo atalean federazioaren beraren historia eta gaur egungo egoera kontatu da; hau da, federazioaren datuak fitxa kopuruetan, noiztik hasi ziren lehenengo txapelketak... Gero hainbat egilek pilota mota bakoitzeko egin duten historia propioa ere azaltzen da: bote luzea, erremontea, pilota egokitua...
Bigarren atal handi bat Gipuzkoako kluben ingurukoa da. Klubei liburuan protagonista izateko gonbidapena luzatu zitzaien, bakoitzak bere historia propioa kontatzeko; hau da, klub bakoitzari haien historiako gauzarik esanguratsuenak kontatzeko gonbita egin genion. Fitxa bat luzatu zitzaien eta haiek bete zuten, eta hori liburuaren zatirik aberasgarriena dela iruditzen zait, oso desberdinak izan baitira fitxa berdinetik ateratako emaitzak.
Oraindik badaude plazak eta frontoiak pilotan ibiltzeko?
Irekita dauden denak. Kontua da ez direla erabiltzen. Pilota plaza irekiak publikoak dira, eta zorionez espazio publiko ireki asko ditugu, besteak beste, Usurbilgo pilotalekua. Zoritxarrez ere, eta Gipuzkoan bereziki, frontoi asko plazetan bilakatu dira; hau da, estalpeak eta itxiturak egin zaizkie eta giltza behar da haietara sartzeko. Asteburu batean ezin zara nahi duzunean joan haietara jolastera. Hala ere, berriro diot, oraindik plaza ireki asko daude eta gure ondarea dira.
Nola eragin dezake frontoi horiek ixteak? Jendea pilotan gutxiago ibiltzea eragin du?
Zalantzarik gabe. Herrietan frontoia erabiltzeko erreserbatu beharra dago, klubek
lehentasuna dute eta bitarte horietan frontoia erabili gabe dago. Beraz, instalazio bihurtzen denean, beharrezkoa da pilota jorratu eta sustatzeko. Liburuan aipatzen denez, gaur
egun pilota arautua dago, eta partida ofizialak jolasteko baldintza minimo batzuk bermatu behar dira. Baina hori kontraesan batean bihurtzen da edozeinek ezin badu erabili nahi duenean. Horrek asko mugatzen du. Zumaiaren kasuan adibidez, frontoi berria eraiki dutenean zaharra ireki egin dute, eta nik uste hori dela egin behar dena.
Jatorriz horrela sortu diren plaza horiek mantendu behar dituztela bi espazio horiek. Iparraldean hori ohikoagoa da. Plaza zaharra mantentzen da, eta errebote plaza berri bat egin behar baldin bada egiten da.
Nola izan da libururako informazioa pilatzea?
Federazioak bazeukan bilduta lan asko, eta gero Koldo Mitxelenako artxibategia erabili da. Nik ikerketarako plaza asko identifikatuta nituen, pilotaren historiaren laburpen bat ere baneukan, egituratuta.
Eta bitxiena, Gipuzkoako Federazioaren sorrera nazioarteko federazioarena baino lehenagokoa dela. Hori izan da niretzako zatirik interesgarriena. Nik ezagutzen nuen historian gehiago sakondu eta murgildu naiz, eta klubak eta pertsonak aztertzen bitxikeria pila bat topatzen dituzula konturatu naiz.
Informazioa bildu duzu, koordinazio lanetan ibili zara eta ilustrazioak egin dituzu. Nolako esperientzia izan da zuretzat?
Ilustrazioak pilotako kartekin datoz. Nik aspalditik nuen ilusio bat naipe kartak pilotako jokoetara moldatzea zen. Pilotaren unibertsoa ulertzeko ere balio duena. Nik horretarako egin nituen ilustrazioak, eta ilustratzaileak libururako
erabili ditu. Ez dira preseski libururako egindako ilustrazioak, naipeetarako sortuak izan ziren.
Gipuzkoako herri askotako klubak agertzen dira, Gipuzkoako herri guztiek izan dute noizbait pilota kluben bat?
Ez dut uste herri guztiek pilota kluba dutenik. Batzuk desagertu egin dira, eta sortzaile horietako asko jada ez daude, eta beste batzuk mantendu dira, Añorga adibidez.
Beste batzuk elkarteak dira, kirol edo kultura elkarte. Beste batzuk sortzen joan dira mende honetan zehar. Gipuzkoako federazioa sortu aurretik elkarte batzuk sortuak zeuden, eta federazioa elkarte batzuek sortzen dute. Zubietakoa lehenago Joko Garbi elkartea zen eta orain pilota kluba da. Beraz, batzuetan ere aldaketak izan dira.
Baina, ehun urte hauetan klubak desagertu badira, sortu ere egin dira.
Zein berezitasun dituzte Usurbilgo Pagazpe Usurbil Pilota Elkarteak eta Zubietako Pilota Elkarteak?
Modalitateak. Zubieta Pilota Elkarteak joko garbi eta errebotea sustatzen ditu bereziki, eta Pagazpek esku-pilota eta pala bereziki. Niri pena ematen dit pilota elkarteek modalitateak gutxiestea edo bereiztea. Ulerkorra da aldi berean, gazteek bat eskatzen dutelako bestea baino gehiago, eta instalazioek ere mugatzen dutelako modalitate guztiak ez jolastea.
Zubieta bezalako herriak luxu bat dira. Izan ere, plaza mantentzen dute eta frontoia badute, beraz, neguan joko garbin jokatu daiteke, eskupilotan jolastu daiteke, palan jolastu daiteke, zestan jolastu daiteke nahi izango balute, eta udaran jolastu daitezke plaza librean joko garbin, plaza librean eskuz nahi izango balute. Usurbilgo taldearekin talde bat osatu dezakete Euskal Herriko txapelketa jokatzeko. Ez da Hegoaldekorik plaza librean Euskal Herriko txapelketan, adibidez. Hegoaldekoak ezker paretan espezializatu gara.
Iparraldean ohikoagoa da pilotariek modalitate bat baino gehiago jorratzea neguan eta udan. Neguan xarean ibiltzen diren pilotariak, udaran joko garbin ibiltzen dira edo errebotean. Hemen (Hegoaldean) eskuzkoa eskuz bakarrik ibiltzen da eta palazkoa palan bakarrik ibiltzen da, besteak beste. Iparraldekoak ikusita inbidia pixka bat ematen dit modalitate gehiago jorratzen dituztela ikusteak. Herri batean klub bakarra egongo balitz Iparraldean bezala, espazio gehiago ere kudeatu ahal izango lirateke.