Hirigintzak euskararen kaleko erabilera duen eragina aztertu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUko Botoi ikerketa-taldeak. 2023an abiarazitako azterlanean eginiko bidea eta ondorioztaturikoa plazaratu dute txosten batean. Lantalde horretan parte hartu du Olatz Altuna Zumeta herrikideak. Beterri-Buruntza eskualde honetan, Hernanin, bertatik kanpo Zarautzen, Tolosan eta Bizkaiko Amorebieta-Etxanon eta Gernika-Lumon bideratu dute azterlana, 15.000-25.000 biztanle arteko bost udalerri ertain horietan hain zuzen. "Lan berritzailea da, diziplinarteko ikuspegia izan duelako eta metodologia berria sortu delako hirigintza eta soziolinguistika uztartuz". Horren harira, Soziolinguistika Klusterretik aditzera eman dutenez, "ikerketak lan-ildo berri baten oinarriak ezarri ditu; izan ere, interesgarria litzateke segida ematea ikusitakoa beste testuinguru batzuetan berresten ote den ikertuz, edota metodologia beste ezaugarri batzuetako udalerrietara egokituz".
Urratsez urrats, modu honetan garatu dute azterlana:
1-Datuen bilketa.
2-Herritarren bizipenen mapeoa.
3-Hirigintza, demografia eta soziolinguistikako adierazleak planoetan kokatzea eta horretan oinarrituta, azterketa ereduaren diseinua.
4-Azterketa estatistikoa.
5-Bildutako informazioaren hausnarketa eta interpretazio ariketa kolektiboa, "arkitekturaren eta soziolinguistikaren arloko adituek osatutako lantaldean".
Ondorioztatu dutenez, bai, "espazio publikoaren antolamendua ez da neutroa: herritarren eguneroko bizitza, harremanak eta hizkuntza-praktikak baldintza ditzake. Horregatik, ikerketan nabarmendu da euskararen erabilera sustatu nahi bada, hizkuntza-politikekin batera hirigintza-politikak ere erdigunean jartzea garrantzitsua dela". Ondorioz, "ikerketak, beraz, erakutsi du udalerri baten izaeran euskarak balio sinboliko eta identitarioa duenean hirigintza-eredu zaintzaileak euskararen erabilera sustatzeko joera izan dezakeela eta bide horretan sakontzea proposatzen du".
Soziolinguistika Klusterretik eredu horren ezaugarrietan jarri dute azpimarra. "Hirigintza zaintzailea pertsonen arteko mendekotasuna eta eguneroko behar askotarikoak kontuan hartzen dituen hirigintza eredua da, espazio eta zerbitzu publikoen garrantzia aitortzen duena eta horien banaketa orekatua sustatzen duena".
Adibide gisa jarri dute ikerlanaren egileek, azterlanean jasotako informazioa; "zerbitzu eta ekipamenduen kokapenak, adibidez, zuzenean baldintzatzen du kalean nor dabilen eta zer hizkuntza entzuten den. Hezkuntza eta kirol ekipamenduen inguruan euskararen erabilera handiagoa antzeman da eta, kontrara, osasun eta administrazio ekipamenduek erdaren presentzia handitzeko joera izan dezaketela. Eta azterlanak erakutsi du haurren presentziak euskararen erabilera handitzen duela. Horregatik, mesede egiten dio euskararen erabilerari haurrentzako espazioak sustatzen dituen hirigintza zaintzaileak".
Ikerlanean ondorioztatu ahal izan dute, "hiri zaintzaileak zentro bakarreko eredua gainditu behar duela, auzoen arteko sare orekatua sortuz, oinezkotasunari eta espazio publikoari garrantzia emanez eta haurren jolas-eremuak tokiko komertzio txikiarekin lotuz. Azken batean, horrek, hirigintza zaintzailea sustatzea ez ezik, hizkuntza gutxituaren mesedetan eraikitako hiria ere ekar dezake".
Azterlanaren edukia esteka honetan eskura dezakezue: "Hirigintzaren Eragina Euskararen Kale-Erabileran".
Badator hizkuntzen erabileraren kale neurketa berria
Euskararen kaleko erabilera neurtzen du tarteka, Soziolinguistika Klusterrak. Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren 9. edizioa aurten egingo duela jakinarazi du. Emaitzak hurrengo urteko, hau da, 2027ko udaberrian aurkeztuko dituzte. Usurbilen ere egin izan den azterlanaren edizio honetan, "175 herri baino gehiagotan jasoko dira datuak, inoiz baino eremu zabalagoa hartuz. Horrek aukera emango du Euskal Herriko hizkuntza-erabileraren argazki zehatzagoa lortzeko, lurralde eta testuinguru anitzetan".
Tartean, "Hego Euskal Herria osoan eskualde mailako datu estatistikoki adierazgarriak eskuratzeko ahalegina egingo da. Helburu horrek neurketaren diseinuan eragina izango du: herri kopurua handitzeaz gain, datu-bilketarako ordu kopurua ere nabarmen handituko da, emaitzen sendotasuna bermatzeko".
Horretarako, 350 neurtzaile profesional ariko dira datuak biltzen. "Neurtzaileek berariazko prestakuntza jasoko dute, neurketaren kalitatea eta fidagarritasuna ziurtatzeko".