650 Usurbil Bizi

Bisita gidatua Jokin Eizagirreren "Polen" erakusketara

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 15a

Ekaina amaierara arteko bisita gidatuen eskaintza plazaratu du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Horien artean, astebururako bi bisita gidatu antolatu dira Jokin Eizagirreren Sutegiko "Polen" erakusketara.

Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen segiko du udaberri honetan ere 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Ekaina amaierara arteko eskaintza plazaratu du.

Usurbilgo kaleetako kultur sorkuntza, Salbatore elizako ondarea, sagardoaren kultura, tokiko zaintza nahiz hondakinen kudeaketa ereduak sakonago ezagutzea ahalbidetuko dute hitzorduok. Bada, ordea, nobedaderik. Izan ere, batetik, Jokin Eizagirre "Txitxo" herrikideak bere sorkuntza lanekin, tamaina handiko oleo-pinturekin eta eskulturekin martxoaren 20az geroztik apirilaren 19ra arte Sutegin zabalik duen "Polen" izeneko erakusketara ere bi bisita gidatu antolatu dituzte; horietako bat Museo Irekiarekin konbinaturikoa. Bestea, Txitxok berak komentaturiko bisita izango da. "Artistak berak azalduko du bere lana, sorkuntza-prozesua eta piezen atzean dauden ideiak".

Erakusketaren ardatza naturan oinarritzen da: polena hedatzen den bezala, kolorea eta materia espazioan zehar zabaltzen dira, bizitzaren eta sorkuntzaren hasiera irudikatuz.

Erakusketa apirilaren 20ra arte izango da zabalik Sutegin, ordu honetan:
-Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00.
-Larunbat eta igandeetan: 11:30-14:00/17:30-20:00.

Bisita gidatuen eskaintza horretan, bada bestelako nobedaderik. Izan ere, hilabete amaieran bertso ibilaldia antolatu dute Alkartasuna Kooperatibakoekin batera Aginagako eta Txokoaldeko sagastietan barrena, Jakoba Errekondoren argibideekin eta Maialen Lujanbio zein Andoni Egaña bertsolariekin.

650 Usurbil Bizi: datozen bisita gidatuak
Apirilak 17, ostirala
18:30-19:30 Bisita komentatua Sutegiko "Polen" erakusketan, bere egile Jokin Eizagirre "Txitxo" usurbildarrarekin.

Apirilak 19, igandea
11:00-12:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Sutegiko "Polen" erakusketa.

Apirilak 22, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Apirilak 24, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Apirilak 25, larunbata
11:00-12:45 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore eliza.

Apirilak 26, igandea
10:00-12:30 Usurbilgo sagardo kultura: bertso ibilaldia Aginagako eta Txokoaldeko sagastietan barrena, Aginagako plazatik abiatuta, Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Maialen Lujanbio zein Andoni Egaña bertsolariekin.

Maiatzak 16, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua, organo erakustaldiarekin (gazteleraz).

Maiatzak 27, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Maiatzak 29, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Ekainak 6, larunbata
11:00-12:45 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore eliza.

Ekainak 7, igandea
11:00-12:30 Gerraren memoria ibilbidea bisita gidatua (gaztelaniaz).

Ekainak 20, larunbata
11:00-12:30 Salbatore elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua, organo erakustaldiarekin.

Ekainak 24, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Ekainak 26, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus