Uda 2026

Uztaileko kirol jardueretan izena emateko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

Usurbilgo Udalak uztailerako kirol ikastaro hainbat antolatu ditu. Ostegun honetatik, apirilaren 16tik hilaren 27ra zabalik izango da jarduera horietan izen-emateko epealdia.

Udan ere ariketa fisikoa sustatzeko hainbat jarduera iragarri ditu Udalak uztailaren 1etik 30era (hilaren 2ko jaiegunean izan ezik) haur eta gazteentzat (aisialdia, mugimendua eta jolasak uztartzen dituzten kirol txokoak, skatea, eskalada, gimnasioko tresnak ezagutu eta entrenamendu saio egokiak egiten ikasteko saioak), 16 urtetik gorakoentzat (spinning, pilates, 3. adina, mantentze gimnasia, konbinatua, entrenamendu funtzionalak, multigym, total training) nahiz 16 urtetik gorako emakumeentzat (haurdunentzat, erditze ostekoentzat eta oinarrizko indar entrenamendua lantzeko saioak).

Berrikuntza nagusia skate ikastaroa izango da. Bizkarreko skate parkea eraberritu ondotik, herritarrek mailegatzeko zortzi skate erosi ditu Udalak jarduera hau gizarteratzeko. "Kiroldegiak skatea utziko dio behar duenari, baina kaskoa eta bestelako babesgarriak norberak eraman beharko ditu". Bestalde, ezingo da ordutegi berdinean antolatzen dituen bi jarduera desberdinetan izena eman. Azkenik, "zerbitzuen zentzuzko erabilera bermatze aldera, haur guztien asistentzia datuak jasoko dira".

Ikastaroen eskaintzarako izen-ematea gaurtik, apirilaren 16tik 27ra izango da, lotura honetan: https://forms.gle/tjCgqGBKuxdT23Nc9

Informazio gehiago: 943 37 24 98 / kirola@usurbil.eus.