Apirilaren 21ean

Laugarren afari solidarioa sukaldatzera doaz

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

Abenduan, otsailean eta martxoan egin bezalaxe, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egingo du berriz herri honek apirilaren 21ean.

Udazkenean abiarazitako elkartasun ekimenari segida emango dio hilabete honetan ere, Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) egitasmoarekin bat egingo du berriz ere herri honek. Abenduaren 23an sukaldatu zuten lehen otordua, iluntze hartan bertan hiriburuan banatu zutena. Gauza bera egin zuten otsailaren 17an eta hirugarrenez, martxoaren 24an.

Hurrengo asteartean, apirilaren 21ean, laugarren afaria sukaldatuko dute Aitzaga elkartean. Jakinarazi dutenez, "oraingo honetan ere ez dugu janari-bilketarik egiteko beharrik, urte amaiera aldera jasotako guztiari esker. Aupa zuek, Usurbil!".

Elkartasun ekimenarekin bat egin eta bertan parte hartu nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara idatzi edo deitu daitekeela jakinarazi dute Usurbilgo KAS-eko kideek; 688 85 08 24 zenbakira hain zuzen.

105 otordu
Otsailaren 17an Aitzaga elkartean, 105 otordu prestatu zituzten arratsaldean zehar. Sukaldatutakoa paketatzen jardun ziren gero, dena Donostiara garraiatzeko. Abenduaren 23an prestatu zuten lehen afari solidarioa, azaroa amaieran bideraturiko elikagaien bilketaren ondotik.

Hedabide honetara igorritako oharraren arabera, "dakizuenez, Usurbilgo herritarrok Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) proiektuan parte hartzen dugu, bertako langileei lan-karga arintzeko asmotan".


Urte amaieran, lehen afari solidarioa
Gogoan izan, udazkenean zehar abiarazi eta osatu zuen herritar talde batek Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egiteko bilgunea. Egitasmo hura 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten.

Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin zuen udazkenean Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean. 

Bildutako elikagaiokin sukaldatu zituzten abenduaren 23ko, otsailaren 17ko eta martxoaren 24ko afari solidarioak. Gauza bera egingo dute apirilaren 21ean ere.