"Komunitatetik, heriotzaz"

Heriotzaren tabua komunitatetik arrakalatzen hasi dira

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

"Komunitatetik, heriotzaz" aritzeko Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin antolaturiko zikloa abiarazi dute asteazken honetan, apirilaren 15ean Sutegin. Gaiari buruzko ezagutzaz aritu zen Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzaile Nere Erkiaga.

Jaio garen unetik guztion bizimoduan erabat seguru gauzatuko den bizi proiektu bakarra da heriotzarena. Bai edo bai, ziurtasun osoz biziko dugun une horren aurrean nola hobeto kokatu, ziklo aldaketa hori prestatzeko sarritan falta zaigun ezagutzaz aritu zen asteazken arratsaldean Sutegin, Hil Arte Bizi egitasmoaren sustatzaile Nere Erkiaga, Usurbilgo Udalak eragile horrekin nahiz gehiagorekin lankidetzan antolaturiko "komunitatetik, heriotzaz" zikloaren baitan.

Azarora arte iraungo du, oraindik orain tabua izaten segitzen duen heriotzaren gaiari ikuspuntu ezberdinetatik helduko dion zikloak. "Heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero" Sutegiko atzoko hitzaldia, lehenengoa izan zen, gaian kokatzen lagungarria izandako sarrera modukoa.

Norbere nahiz besteen heriotza kudeatzeari zegokionean argi adierazi zuenez, "hau hobeto egin daiteke". Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen, "heriotza bizitzan" txertatzea. Bere esanetan, heriotza ez baita bizitzaren aurkakoa, jaiotzarena baizik. Eta elementu garrantzitsuena, gaiak eragin ohi duen beldurrari maitasunetik erantzun diezaiokegu. "Heriotzak maitasuna adierazteko ematen duen botereaz" kontzientziatzeko gonbita egin zuen Erkiagak.

Ezagutza hedatu beharra
Heriotzak sentiarazten digunari buruz ari garenean, "maitasuna da nukleoan dagoena, beldurraren eta minaren artean", Hil Arte Bizi egitasmoko sortzailearen esanetan. Argi denez, "mina ezin da ezabatu". Are gehiago, "maitasunak sortzen du mina"; hil denak mina eragiten badigu, hil dena "maitatzen dugulako da". Baina minaren eragilea den maitasunak beldurra arintzen lagundu dezake era berean. "Maitasunak lagundu dezake beldurra uxatzen, pixka bat bederen", Erkiagak Sutegin adierazi zuenez.

Minaz gain, aipatu moduan, beldurra eragin ohi du heriotzak; bai norberarenak nahiz besteenak. Erkiagak hiru beldur mota edo maila bereizi zituen Sutegiko hitzaldian: batetik, heriotzari diogun beldur naturala, "kendu ezin dena eta ezabatu behar ez dena"; eta, bestalde, horrekin batera landu beharrekoak diren beste bi beldur mota; batetik, "haurtzaroan bizitakoagatik heriotzaren aurrean norbera ezgauza uzten duten" beldur traumatikoak eta gugan, botere handia izaten segitzen duten eraikitako beldurrak.

Hori guztia kudeatzeko, argi zioenez, iraganean lagungarriak izandako "helduleku asko izatetik" baliabide gabeziara igaro gara eta ezagutzaren kultura faltara. Horretan dihardu liburutegien arloan, artxibo lanetan jarduten hasi eta tanatologia ikasketak egiten amaitutako Erkiagak. Hil Arte Bizi egitasmoa abiarazi zuen, "heriotzaren jakintza zabaltzeko". Hil Arte Bizi egitasmoari buruzko informazio gehiago nererkiaga.eus/hil-arte-bizi/ helbidean jaso dezakezue.

Amaierari aurre hartzea
Bere ustez, norbere heriotza prestatzerakoan, kontuan hartu beharrekoa da, jakitea hasteko zein den "gure era", norberarena eta horrekin batera, "alor bakoitzean herritar bezala ditugun eskubideak" ezagutzea, gerora "hartu ditzakegun erabakiak ikusteko".  Esaterako, ondasunekin zer egin, geure bizimoduan zehar utzitako arrasto digitala nola nahi dugun kudeatua izatea, gorpuarekin zer egin, zer nolako agurra izatea nahi genukeen,  hil aurretik, osasungintzari dagokionean, noiz eta zer nolako amaiera izatea nahi genukeen erabaki. "Zein da gure duintasunaren marra?", egin zuen hausnarketarako galdera gisa. Horrekin batera, noski, hau dena, ingurukoekin partekatzea eta hitza jartzearen garrantzia azpimarratu zuen eta hitza jartzea erabakitzea bai, baina norekin, noiz, nola...

"Komunitatetik, heriotzaz" zikloko lehen saioak berrogeitik gora lagun elkartu zituen Sutegin. Gaiaren izaera ikusita, deialdiak izandako parte hartzea nabarmendu eta eskertu zuen bai Erkiagak baita antolatze lanetan jardundako Udalak ere. Sutegiko auditoriora joandakoei dagokienean, hil osteko kudeaketak eragin zituen galdera edo jakinmin gehien edota norbere heriotzari aurrez aurre begiratzearen onarpenaz ere jardun zuten. Agerian utzi zuen saioak, gai honen ezagutzan sakontzeko dagoen beharra eta kultur horren hedapenean komunitateak izan dezakeen rol garrantzitsua.

Atzo abiatutako zikloaren baitako hurrengo saioetan parte hartzeko gonbita egin zuten:

“Komunitatetik, heriotzaz” zikloa
Maiatzak 7, osteguna
18:00 “Heriotzak gaztetasuna kolpatzen duenean: agur kolektiboak eta komunitatearen babesa” solasaldia Sutegin.
Zehaztasunak: "Bidegin elkarteko kide Izaskun Andonegik gidatuko du saioa. Gertuko heriotza traumatikoren bat gazte garaian bizi izandako hiru herritarren lekukotzak eskainiko dira. Halako ezbeharretan agur kolektiboak egiteak eta komunitateak ematen duen babesaren garrantziaz ere arituko dira".

Maiatzak 28, osteguna 
18:00 "Zaintza paliatiboak: bizitzari azken arnasaraino laguntzen" hitzaldia Sutegi auditorioan.
Hizlaria: Nerea Manterola (Zaintza aringarrietako psikologoa Matian).
Zehaztasunak: "Bizitzaren azkenetan hitz egiten da zaintza aringarriez edo paliatiboez: hil hurren den pertsonaren zein gertukoen akonpainamendurako eskaintzen dira. Nerea Manterola zaintza aringarrietako psikologoa da Matian, La Caixa Fundazioaren gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta integrala emateko programaren barruan".
Oharra: zuzeneko itzulpen zerbitzua izango da (euskaratik gaztelaniara).

Ekainak 11, osteguna
18:00 Iñurri elkartearen eskutik, “Heriotzaren aurrean” zuzeneko podcasta Sutegi auditorioan.
Zehaztasunak: "Zer pasatzen da bat-batean zure aurrean egurrezko kutxa ikusten duzunean? Zer pasatzen da burutik minbizi hitza esaten dizutenean? Edo hobe esanda, metastasiaz ari direnean? Zuzeneko podcast honetan parte hartuko dutenek badakite zer den heriotzarekin aurrez aurre topatzea. Eider Casanova iñurriaren gidaritzapean arituko dira Eli Bergaretxe, Ana Jimenez eta Beñat Iraola. Bakoitza bere lekutik, baina denak heriotzaz garden hitz egiten: oso gazte metastasia diagnostikatzen dizutenean, ume txikiak izanda zure heriotza gertu ikusten duzunean edo seme bezala amari agur esatea tokatzen zaizunean. Hori guztiaz eta askoz gehiagoz hitz egiteko aukera izango da, espazio seguru eta taburik gabeko honetan". 

Irailak 22, asteartea
18:30 “Heriotza eta literatura” solasaldia Sutegi udal liburutegian. 
Gidaria: Ainhoa Aldazabal literaturan aditua eta Skolastikako kidea.
Zehaztasunak: "Literaturak bizi esperientziak jasotzen dituen moduan jasotzen ditu heriotza esperientziak. Heriotzak, hileta errituak, doluak... literaturan nola jasotzen diren ikusiko dugu elkarrekin" 

Urriak 18, igandea
18:00 "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
Zehaztasunak: "Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da".

Azaroak 5, osteguna
18:00 "Heriotza eta kulturartekotasuna" solasaldia Sutegi auditorioan.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako herritarren arteko solasaldia, sorterrian heriotza bizitzeko duten moduaz".
Hizkuntza: gaztelania.

Saioetarako izen-ematea: aurrez eta doan eman ahalko da izena, usurbilkultura.eus plataforman. 
Bultzatzailea: Usurbil herri zaintzailea.
Laguntzaileak: Bidegin eta Iñurri elkarteak, Hil Arte Bizi egitasmoa eta Matia fundazioa.