"Aurtengoa, bigarren urtea izango da. Antolaketan hilabete batzuk igaro ondoren, azkenean, lortu dugu azoka aurrera ateratzea", nabarmendu du Usurbil K.E.-ko kirol zuzendari Julen Nazabalek, gaur arratsaldean frontoian eginiko irekiera ekitaldian.
Bere esanetan, helburu bikoitza du egunotako azokak; "horrelako ekimenekin, argi dago dirua lortu nahi dugula, baina baita giza harremanak sustatzea ere"; hain zuzen, "delako herriko talde batek elkarrekin ondo pasatzeko, dela elkarte ezberdinetako kideek elkarren artean harremanak egiteko" ere.
Izan ere, Nazabalek gogora ekarri duenez, "Usurbilek eta usurbildarrok dugun indargune handietako bat gure elkarte sarea da. Elkarte horietan dagoen jende mordoak euren denbora librean, Usurbilgo herria ehuntzeko eskaintzen dute" haien burua, "dela kirolean, dela kulturan, dela beste hainbat alorretan ere".
Sare horretan da, besteak beste, eskubaloi taldeen bilgunea bera. Azken txanpara begira den 2025-26 denboraldi honi, zuzendaritza talde berrituarekin ekin zioten azokaren irekiera ekitaldian gogora ekarri dutenez. "Klubaren proiektuaren iparroratza ondo lerrokatua dago; herritik, herriarekin eta herriarentzat izan behar da halabeharrez. Horretarako, erakunde publikoaren laguntzaz gain, herritar guztiona, komertzioena, enpresena oso estimatua eta ongi etorria izango da", Usurbil K.E.-ren kirol alorreko zuzendariaren esanetan.
Bide batez, adin tarte guztietako herrikideei eskubaloi taldeen elkartera gerturatu eta "eskubaloia probatzera" gonbidatu ditu Nazabalek; "gurasook eta neska eta mutilok, ez izan beldurrik". Azken urteotako multikirolei lotutako epaiek ekarritako "ezegonkortasun egoera honetan, mutiltikirola ere garrantzitsua da neska-mutilen garapen integralerako. Horretarako, denok, probatu, probatu eta probatu, gero erabakiko duzue".
Promozioa
Ireki berri duten Garagardo Azokari buruzko zenbait zehaztasun ere eskaini ditu Usurbil K.E.-ren ordezkariak hasiera ekitaldi horretan. Hasteko, askotariko garagardoak izango direla dastagai; tartean bat nabarmendu nahi izan du, "2022ko edizioan arrakasta gehien izandako garagadoa"; baxurdearena, urte hartan, "guretzat egindako garargado berezia" alegia.
Edariari bultza egiteko, jateko aukerarik ez da faltako; "ukondoa, saltxitxak, patata gratinatuak, sagar-tarta, kakahueteak, patatak... " eskainiko dituzte. Pitxerraren tiketa 3 eurokoa izango da, pitxerrak balioko duena hain zuzen. Gainerakoan, 2 euroko tiketak eskuratu ahalko dira, jan-edanerako. Txartelok frontoi sarreran egokituriko postuan eskuratu ahalko dira, eskudiruz nahiz txartelaren bidez.
Adi, promozio eta erronka berezi bana iragarri dute eta antolatzaileek. Promozioari dagokionean, 15 txartel 27 euroren truke eskuratu ahalko dira.
Erronka
Erronka berezi bat ere proposatu dute, azokako bisitarientzat, gunea bera girotzen lagunduko duena. "Ordu jakinetan, porteri txiki bat jarriko dugu frontoi atzealdean", ohartarazi dute. Hiru jaurtiketa egin ahal izango ditu parte hartzaile bakoitzak eta "jaurtiketa bakoitzak golean amaitu beharko du". Hala egiten duenak saria izango du; "garagardo berezia edo bi saltxitxa patata gratinatuekin".
Ohar sorta hau amaitzeko, Usurbil K.E.-k azokara gerturatuko direnei ongi etorri eman nahi izan die; denei, "gutxi batzuk kenduta. Jarrera eta norbanako matxista, arrazista, homofobo eta fobo guztiak Garagardo Azoka honetan jokoz kanpo daude". Halakorik ikusi edo gertatuz gero, "salatu mesedez" galdegin dute.