"Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte!"

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 18a

Urte hasieratik indarkeria matxistak jada hiru emakume hil dituela salatzeko Usurbilgo Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea egin dute larunbat eguerdi honetan, apirilaren 18an Mikel Laboa plazan.

"Hirugarren emakumea erail du indarkeria matxistak Euskal Herrian. Nahikoa da! Autodefentsa feministaz erantzungo dugu" aldarriaren bueltan mobilizatu dira larunbat eguerdi honetan, apirilaren 18an, Usurbilgo Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean. 

Hemen duzue, mobilizazio amaieran plazaraturiko adierazpenaren berri:

Indarkeria matxistak emakume bat erail du Iruñean!
Hamar egun besterik ez dira pasa eta berriz ere hemen gaude. Pasa den igandean, Iruñeako Sanduzelai auzoan emakume bat hil zen bere etxeko lehiotik ihes egiten ari zenean. Guk ez dugu inolako zalantzarik; Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak
eraildako hirugarren emakumea da.

Usurbilgo Mugimendu Feministatik gure amorrua eta mina adierazi nahi dugu, eta nola ez, senide eta lagunei gure maitasun eta babes osoa adierazi nahi diegu.
Nazkatuta eta amorratuta gaude, hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira.

Aski da! Noiz arte iraungo du honek? Euskal Herrian indarkeria matxistak emakumeak* emakume* izate hutsagatik erailtzen ditu!

Behin eta berriz esaten dugu indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela, emakumeok* pairatzen dugun indarkeria egiturazkoa dela, sistema oso bat dagoela honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena. Eta erailketa guztiekin
gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok* zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak.

Izan ere, ondo dakigu indarkeria matxistak ez duela modu berean gurutzatzen gorputz bakoitza, eta argi dago arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, emakume* migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira.

Kasu honetan, berriro ere, ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du.

Askotan salatzen dugu instituzioen erantzukizun falta, baina honetan irmoki salatzen dugu ere haien ardura falta. Indarkeria matxistak ertz asko ditu eta emakumeok* askotariko prozesu eta erritmoak ditugu, baina nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume* batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea? Non daude instituzioak funts putreak babestutako etxebizitzak erosten dituztenean Emakumeak* behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra eta emakumeak* haien erasotzaileekin bakarrik uztea ardugabekeria da.

Gizarte osoak du erantzunkizuna honetan, baina batez ere zuek, gizonak; noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira? Jakin badakigu, egiturazko arazoa dela indarkeria matxista baina badakigu ere ezinezkoa izango dela honekin bukatzea gizonek zuen
anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte, egitura sostengatzen duen pieza zarete.

Guztiok erreproduzitzen dugun matxismoak hiltzen du: eguneroko keinuetan, hitzetan eta isiltasunetan txertatuta dagoen matxismoak hiltzen du.

Komunitatearen arduragabekeriak hiltzen du, begirada beste aldera desbideratzeak, errealitate hau ukatzeak edo indarkeria normalizatzeak hiltzen du.

Bakoitzak bere lekutik, badugu zer egina. Gu nazkaturik gaude. Horregatik, beste behin ere, ozen esaten dugu: FEMINISTOK AUTODEFENTSAN JARRAITUKO DUGU. Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezain bestetan salatzen eta kaleak hartzen. Egungo egoera irauliko dugu denok aske bizi ahal izateko. ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
MARTXAN JARRAITUKO DUGU DENAK ASKE IZAN ARTE!
GORA BORROKA FEMINISTA!