Atzerako kontaketa martxan du orain bai, Orbeldi Dantza Taldeak. Astebete baino ez zaie geratzen, 14. Dantza Egunerako eta horren baitan, hilabeteotan ondutako "Aitaren Gutuna" ikuskizuna estreinatzeko. Larunbat honetan, apirilaren 18an egin du urtero moduan, jaialdi egun horren atariko entsegu saio orokorra emanaldian parte hartuko duten dantzari zein musikariek Agerialdeko frontoian.
"Aitaren Gutuna"
Datorren Dantza Egunari dagokionean, egun osoko eskaintza prestatu du Orbeldik. Hasteko, goiz partean, 7. Dantzari Txiki topaketa iragarri dute. Usurbilgo dantzariek bidelagun izango dituzte, lehenik, herrian barrena egingo duten kalejiran nahiz gero frontoian eskainiko duten emanaldian, Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka taldeak.
Herri bazkaria antolatu dute segidan, Askatasuna plazan. Adi txartelei, aurrez eskuratu beharko dira eta. Arratsalde partean, erromeria giroa nagusituko da Artzabalgo plazan, Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallusekin.
Amaitzeko, gau partean, Orbeldik hilabeteotan ondutako ikuskizunaren estreinaldi mundiala; aurtengoak "Aitaren Gutuna" izena darama. Ikuskizunaren ostean, hilabete hau nahiz Dantza Eguna hasi bezala amaitzeko, Iratzar taldekoekin erromeria Mikel Laboa plazan.
Hemen duzue, aurtengo Dantza Egunerako Orbeldik osatu duten egitaraua:
Apirilak 25, larunbata
7. Dantzari Txiki:
Talde gonbidatuak: Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka.
11:30 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.
14:30 Herri bazkaria Askatasuna plazan.
Oharra: otordurako txartelak Artzabalen eta Lizardin erosi ahalko dira, apirilaren 21era arte.
17:00 Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallus trikitilariak Artzabalen.
22:00 "Aitaren Gutuna" ikuskizuna frontoian.
Ondoren, Iratzar erromeria Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
