Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

"Osakidetzaren egiturazko arazoentzako benetako irtenbideak" galdegin dituzte

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 19a

Osasungintza zerbitzu publikoa, unibertsala, doakoa eta euskalduna aldarrikatu ditu Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek larunbat honetan, Donostian barrena eginiko manifestazioak. "Ez dugu propaganda gehiago behar, ezta titular gehiago ere. Egitateak behar ditugu. Osakidetzaren egiturazko arazoentzako benetako irtenbideak", adierazi dute. Erantzukizun politikoak galdegin dituzte; tartean, osasun sailburuaren dimisioa.

Segidan duzue, larunbat honetako Donostiako manifestazio amaieran Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek plazaraturiko adierazpena:

Adierazpena
68 erakunde hauei eskerrik asko: sindikatuak (ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT eta Etxalde); politikak (EH Bildu, PODEMOS, SUMAR MUGIMENDUA, EZKER ANITZA-IU); Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua; erakunde profesionalak, auzo elkarteak, feministak, ekologistak, kulturalak, etab. Eskerrik asko hemen egoteagatik. Eskerrik asko amore ez emateagatik.

Berriro ere, osasun publikoa arriskuan dagoelako kaleratu gara. Hondatzen ari diretelako. Pribatizatzen ari diretelako.

Osasunaren Euskal Ituna deiturikotik zortzi hilabetera, adostasunik gabe eta sindikatuek, alderdi politikoek eta gizarte-erakunde ugarik errefusatuta, benetako konponbiderik gabe jarraitzen dugu. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik titular asko. Promesa huts asko... baina egiturazko aldaketarik ez dugu.

Urtean bost hilabetez murrizketak egiten jarraitzen dute, "kontingentzia planez" mozorrotuta. Zerbitzuak itxiz, ordutegiak murriztuz, behar beste langilerik gabe, medikurik gabeko zentroak edo formatzen ari diren medikuek artatuak.

Lehen mailako arreta gainezka dago. Osasun mentala abandonatua. Eta bizitzaren amaieran zaintza horiek argi eta garbi gutxietsita daude, langile nahikorik eta prestakuntza espezifikorik gabe, eta heriotza duina izateko eskubidea bermatu gabe. Itxaron zerrenda onartezinak: astebete baino gehiago familia medikuntzan, eta urtea nabarmen gainditzen dute espezialitate batzuen hitzordua itxaroten. Larrialdi kolapsatuak. Arartekoak adierazi bezala, errealitate horren ondorioz kexak nabarmen handitzen ari dira, Osakidetzan itxaronaldi handiegia dagoelako ".
Lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute: asistentzia-gainkarga, %40tik gorako behin-behinekotasuna eta parte-hartzea eragozten duen kudeaketa autoritarioa.

Enplegu Publiko Eskaintzek ez dute benetako enplegurik sortzen. Porrot egiten dute, ez baitituzte betetzen zailak diren lanpostuak. Psikologia Klinikoko lanpostu berriak ez dira nahikoak, argi eta garbi, eta ez dute bermatzen eskatutako prestakuntza. Eta sistemak gainezka egiten duenean, errezeta bera erabiltzen dute: aparteko ordu gehiago, plantillak indartu beharrean.

Iraungitako txertoen kudeaketaren gardentasun falta salatzen dugu, 21 motatako txertoei eta Erakunde Sanitario Integratua (ESI) guztiei eragin baitiete. Horrek berresten du Sailburua arazoaren larritasuna minimizatzen eta ezkutatzen saiatu dela, eta, beraz, erantzukizun politikoak eskatzen ditugu, baita Sailburuaren dimisioa ere.
Eredu horrek nahita ahultzen du publikoa negozio pribatua elikatzeko. Aurten 500 milioi euro baino gehiago sektore pribatura joango dira. Hiru herritarretik batek mediku-aseguru pribatua du dagoeneko.

Adibide argi bat: haurdunaldiaren borondatezko etendura osasun publikotik kanpo egiten jarraitzen da, %95ean. Promesa asko eta legea betetzen ez bada ere; ez dago ez plangintzarik, ez baliabiderik.

Beste osasun bat defendatzen dugu. Publikoa, unibertsala eta doakoa. Lehen Mailako Arretari lehentasuna emanez. Hurbila, irisgarria eta gizatiarra. Prebentzioan eta osasunaren sustapenean oinarritua. Aurrez aurreko kontsultak nahi ditugu. Asistentzia-jarraitutasuna eta gutxienez 15 minutu paziente bakoitzeko. Nahiko plantilla eta lan baldintza duinak. Profesionalen eta herritarren benetako parte-hartzea. Hizkuntza-eskubideak errespetatuz.
Osasuna eskubide bat da, non osasuna ez dagoen poltsikoan duzun diruaren mende.

Sailburu jauna, ez dugu propaganda gehiago behar, ezta titular gehiago ere. Egitateak behar ditugu. Osakidetzaren egiturazko arazoentzako benetako irtenbideak. Ez dugu murrizketarik normalizatuko. Pribatizazioa ez dugu normalizatuko. Osasun publikoa guztiona da. Eta ez diegu utziko lapurtzen.