Errege Kopako finala

Emozio handiz bizi izan dute Realaren garaipena, zaletuen gune bilakaturiko Garagardo Azokan

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 19a

Realak larunbat gau honetan jokatutako Errege Kopako finala zuzenean eskaini du Usurbil Kirol Elkarteak frontoian antolaturiko Garagardo Azokan. Emozio handiz bizi izan dute, gauerdira arte luzaturiko neurketa; bereziki, tentsio handiko penaltien azken txanpa. Realaren garaipenak ospakizun giroa lehertarazi du, frontoian bildutako jendetzaren artean.

Ospakizun giroa Usurbilen ere lehertu da gauerdi honen bueltan, Realak Errege Kopa irabazi berritan. Frontoian egunotan ospatzen ari diren Usurbil K.E.-ren Garagardo Azokan zuzenean eskaini dute talde txuri-urdinaren eta Athletico Madrilen arteko finala. Sevillako Cartuja zelaiko partida adi segitu dute zaletuen gune handian bilakaturiko Garagardo Azokatik, hasiera-hasieratik gainera, partida hasi eta segundu gutxira Realak sartutako lehen golaz geroztik.

Neurketak aurrera jo ahala, tentsioa eta emozio handia nagusitzen joan da frontoian bildutakoen artean. Are gehiago, partida amaierara bi taldeak bina gol eginda, berdintuta heldutakoan. Luzatu dute final handia eta ez da aski izan; berdinketari eutsi diote. Penaltiek erabaki dute Realaren garaipena. Talde txuri-urdinaren gol bakoitza, ospakizun leherketa handi gisa bizi izan dute frontoian. Pentsa, azken gola sartu eta Errege Kopa irabazi berritan; gogotik ospatu dute unea Garagardo Azokan zirenek. Jauzika, Realaren lepokoa goratuta, lagunartean besarkatuta, oihuka... jai giroa lehertu da gauerdiaren bueltan.

Usurbilen sustraituriko ospakizun egun zehatzetan izan ezik, gutxitan ikusitako jendetza bildu da larunbat iluntze honetan, apirilaren 18an pilotalekuan.

Zubietan lehen harrera
Realaren garaipenaren ospakizunak gauean zehar segiko du herrian. Astelehen arratsaldean egingo zaio harrera ofiziala talde txuri-urdinari, baina adi; iragarri moduan, lehenago, igande honetan, apirilaren 19an, Sevillara abiatu unean egin bezalaxe, 14:00ak aldera Hondarribiko aireportutik Zubietako ohiko entrenamendu lekura itzuliko dira Realeko jokalariak.