Ahots ederrez bet da larunbat honetan, apirilaren 18an, Salbatore eliza. Izan ere, Donostiako Easo Cum Jubilo abesbatzak kontzertua eskaini du. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue emanaldiko hainbat pasarte.
Easo abesbatzaren baitako taldeak 2003-04 ikasturtean du jatorria. "Euskal Herriko Esperientzia Geletan izena eman zuten ikasle talde bat elkartu zen, unibertsitateko akademi ereserkia, Gaudeamus igitur, prestatzeko xedez". Egitasmoa sendotzen joan eta "2005eko urrian, Donostiako Easo Abesbatzak Musika Eskolako abesbatza moduan jarraitzeko aukera eskaini zion. Zaharren Egoitzetan kantatzeko xedearekin. Ordutik du taldeak Cum Jubilo Abesbatza izena. Egun errenazimentu espainiarreko polifoniatik XX. mendeko musika erlijioso eta folklorikoraino zabaltzen den errepertorioa" du.
Taldeak eginiko "hobetze bidearen adierazgarri dira CD baten grabaketa, lehenago grabatu ez diren Nicolás Ledesmaren zenbait lanekin, eta 2012ko uztailean Tesalonikan (Grezia) ISMEk egin zuen kongresuan parte hartzea".
Sergio Pedrouso da abesbatzaren zuzendaria. Loli Oteiza izango da emanaldiko organojolea.
Easo Cum Jubilo abesbatza, Easo Abesbatza Elkartearen baitan dago. Talde gehiago dituzte: Easo Abesbatza Mistoa, Easo Sinfonieta, Easo Abesbatza Gizonak, Easo Abesbatza Emakumeak, Easo Gazte, Easo Eskolania, Easo Txiki, Easo Kapera Gregorianista eta Easoko Beteranoen Abesbatza.