Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

Osakidetza defendatu eta indartzeko elkartu dira herri plataformak Donostian

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 19a

Bilbon eta Gasteizen egin bezala, Donostia zeharkatu du Osakidetza defendatu eta indartzeko aldarriak Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deitutako manifestazio bidez, larunbat honetan, apirilaren 18an.

Ezohiko asteburua bizitzen ari dira Donostian, Errealaren Errege Kopako finala tarteko, bereziki, larunbat honetan, apirilaren 18an. Egun honetan egokitu da Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deitutako manifestazioa. Arratsaldeko 17:00etan Bulebarretik irtendako mobilizazioak hiri erdigunea zeharkatu du, abiapuntura itzuli aurretik. Eskualde nahiz udalerri ezberdinetako plataformak bildu ditu deialdiak; tartean, udalerri hau barne hartzen duen Donostialdeko bilgunea nahiz Usurbil mugakide duen Lasarte-Orian bertan osatua dutena. Jendetsua izan da Gipuzkoako hiriburuko protesta ekimena.

Horrez gain, 60 eragile sozial, sindikal eta politikoek bat egin dute Osakidetzaren lurraldeko hiru hiriburuetan eginiko manifestazioekin. Eragileotako nahiz haiekin bat eginiko herritarren ahotan, lelo bera; ez dute promesa gehiagorik nahi, Osakidetza duina, publikoa, unibertsala, doakoa eta euskalduna exijitu dute. Horretarako, hitzak ez, ekintzekin gauzaturiko irtenbideak nahi dituzte. Izan ere, osasungintza publikoak arrisku egoeran segitzen duela ohartarazi dute, horregatik irten direla beste behin manifestatzera.

Eta ez da epe motzean, antolaturiko azken manifestazioa izango. Usurbil barne hartzen duen Donostialdeko ESIaren gainbehera salatu mobilizazioa antolatu du eskualde honetako, Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak, astearterako, apirilaren 21erako, goizeko 11:30etan Donostiako Unibertsitate Ospitalearen atarian.