2026-27

Partzuergoan integratze bidean doan haur eskolan matrikulatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 20a

Irailetik aurrera, partzuergoaren bidez eskainiko den haur eskola zerbitzuan matrikulatzeko epealdia zabalik izango da astelehen honetatik, apirilaren 20tik aurrera.

Zabalik izango da astelehen honetatik, apirilaren 20tik maiatzaren 8ra arte, datozen hiru asteotan beraz, 2026-27 ikasturterako haur eskolan matrikulatzeko epealdia. Udarregi ikastolan bideratu beharko da, Gernika ibilbidea 11n. "Familiek izen ematea Usurbilgo Udalaren eskaera inprimakia betez egin ahal izango dute". Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue: 943 36 12 16 telefono zenbakian edo haurreskola@udarregi.eus helbidean.

Deialdia, 2025ean eta 2026an jaiotako haurren gurasoei edo legezko tutoreei zuzendua dago. Kanpaina horren baitan, urtero moduan, egitasmoa ezagutzeko ate irekien jardunaldia antolatu dute astearte honetarako, hilaren 21erako, arratsaldeko 17:30etan.

"Maiatzaren 1etik 10era jaiotako haurrek maiatzaren 20ra arte eman ahalko dute izena", argitu dute Udaletik. Aldiz, "aurreko ikasturtean matrikulatuta dauden haurrek ez dute berriz ere eskaria egin behar, beren plaza automatikoki bermatzen baitzaie, betiere dauden haurreskolan eta ordutegian".

Beste ohar bat; tarte horretan matrikulatu ahalko dira, "2026ko irailean, ikasturtea hasten den egunean" haur eskola baliatu nahi dutenek. Gainerakoek, "ikasturtearen zehar beranduago hasteko asmoa dutenek ezingo dute epe honetan izen emaneta ez zaie plaza erreserbarik egingo". Kasuotan, "2026ko irailetik 2027ko apirila bitartean partzuergoko haurreskoletan hilero irekiko da izenematea baldin eta plazak libre badaude".

Horregatik, Udaletik ohartarazi dutenez, "ikasturtea hasita, haur eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza bermatu".

Partzuergora bidean
Gogoan izan, haur eskola Partzuergoan sartzeko bidean da udalerri hau. Aldaketarik ezean, irailetik aurrera, bertan integratua eskainiko da zerbitzu hau. Aldiz, oraindik egun, udal haur eskola izanik, aurtengo izen-ematea Udalak deitu du.

Horrez gain, Kalezarko eraikina eraberritzekoa da Udala. Bitarte horretan, Agerialdeko eraikinean ari dira eskaintzen haur eskola zerbitzua.

Paraleloki, haur eskola Partzuergoan integratzeko bidea jorratzen ari da udalerri hau. Otsailean udalbatzak eginiko osoko bilkuran erabaki zuten bertan sartzea eskatzea. Horrez gain, martxoaren 24an irailetik aurrera eskainiko den haur eskola zerbitzu berriari buruzko argibideak eskaintzeko bilera deitu zuen Udalak Sutegin. Udal eta Partzuergoko ordezkariekin elkartu ziren hainbat familia, kultur-etxeko auditorioan.

Datorren ikasturtean, guztira, 42 plaza eskainiko ditu haur eskolak; 16 0-1 urte artean, beste 26 1-2 urte artean. "Hala ere, plaza horiek moldatu ahal izango dira sortzen diren beharrei erantzuteko", Udaletik ohartarazia dutenez.  Gogoan izan, zerbitzua doakoa izango da.

Egutegiari dagokionean, irailaren 4tik uztailaren 31ra bitarte eskaini ahalko du zerbitzua, guztira 196 egunetan. Udalak, senideek eta hezitzaileek osatutako jarraipen batzordeak adostuko du egutegia eta proposamena helaraziko dio Haurreskolak Partzuergoari.

Ordutegia ere zehaztua dute. Gehienez jota zortzi orduz egon ahalko dira haurrak. Horren baitan, bi ordutegi mota eskainiko dira, bietan haur eskolara sartu eta irteteko malgutasunarekin:
a) Goizeko ordutegia: 7:30etatik 14:00ak arte (haurren sarrerak 7:30-9:30 eta irteerak 13:00-14:00).
b) Egun osoko ordutegia: 7:30etatik 16:00ak arte (haurren sarrerak 7:30-9:30 eta irteerak 15:00-16:00).

Haurrei, hilero gutxienez %80ko asistentzia eskatuko zaie.

Bi aukera eskainiko ditu Partzuergoak; familia bakoitzak janaria etxetik eramatea edo catering zerbitzua eskaintzea, zerbitzua bera bideragarria izanez gero. Hilabeteotan gai hau aztertzekoak dira.

Lehen aldiz bertaraturiko haurrak "hamar laneguneko egokitzapenaldia beteko du gutxienez, haurreskolarekin adostutako orduetan".

Haur eskola zerbitzu berriari buruzko informazio gehiago, usurbil.eus/eu/haur-eskola helbidean jaso dezakezue.