Hutsik dago Usurbilgo bake epaile ordezkoaren lanpostua. Hura betetzeko iragan udazkenean udalbatzak eginiko deialdira ez zen inor aurkeztu. Horregatik, orain deialdi hori onartu eta abiarazi du udal organu berak. Bake epaile ordezkoa hautatzeko deialdiaren iragarkia plazaratu du Usurbilgo Udalak astelehen honetako, apirilaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Eskabideak bihartik, hilaren 21etik aurrera aurkeztu ahalko dira hilabeteko epealdian. "Interesdunek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko duten deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta legeak xedatutako ezgaitasun eta bateraezintasunik ez dutela. Halaber, interesdunek hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, eta baita curriculum vitaea ere. Baloratu ahal izango diren merituak dira bizilekua, curriculuma eta euskararen ezagutza".
Eskaerak udal erregistroan edota "Administrazioko Jardunbidea arautzen duen Legediak xedaturiko eran aurkeztu beharko dira".
Iragarki horretan dituzue, hautaketa prozesuari begirako eskubide zein betebeharren nahiz gaitasun eta bateragarritasun baldintzen berri.
Bigarrenez
Aipatu moduan, hilabete gutxiko tartean, bigarren aldiz egin du udalbatzak bake epaile ordezkoa hautatzeko deialdia. Lehen saiakera, iragan irailaren 25ean egin zuen udalbatzak osoko bilkuran. Orduko hartan, "EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzatik jasotako idatziaren ondoren, udalbatzarrak Usurbilgo bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia egitea erabaki zuen" aho batez.
Deialdi hartara hautagai bakarra aurkeztu zen. Bi hilabete geroago, azaroaren 26ko osoko bilkuran, hautagai hori bake epaile titularra izatea proposatu zuen udalbatzak eta gerora, EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzak hautagai honen (Agustin Esnaola Etxabe herrikidea) izendapena onartu zuen.
Aldiz, "beste hautagairik ez zegoenez, ordezkorik ez zen izendatu". Ondorioz, "martxoaren 2an EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzako idatzia" jaso zuen Udalak, "Usurbilgo Bake epaile ordezkoa izendatzeko dagokion jardunbideari hasiera ematea eskatzen" ziona.
Udalbatzak hautaketa hauek bideratzeko eskumena duenez, aipatu moduan, martxoaren 26ko osoko bilkuran onartu zuen prozesu hori abiaraztea. Bake epaile ordezkoa izateko hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte: espainiar estatuko nazionaliatea izatea, adinez nagusia izatea eta "Botere Judizialeko Lege Organikoko 102., 302., 303. eta 389. artikuluek kargu judizialetarako aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasun kausak ez edukitzea". Horrez gain, "honako merituak ere baloratu ahal izango dira: bizilekua, curriculuma eta euskararen ezagutza".