Badatoz herriko festak. Bi hilabete eta erdi baino gutxiago geratzen dira, besterik ez, Usurbil jai giro betean murgiltzeko. Aurtengoak, uztailaren 1etik 5era ospatuko ditugu. Jai batzordea otsailean hasi zen prestaketa lanak bideratzeko bilerekin. Ordutik, antolakuntzan nahiz ekarpenak egiten parte hartu nahi duten herri eragileen zein norbanakoen bilgunea festa egunak zenbat eta noiz izango diren zehazteaz gain, ekimenak proposatu eta egitaraua osatzen aritu da.
Xehetasunok lotzen segitzen duten artean, Usurbilgo jai batzordeak beste urrats bat eman du orain. Izan ere, festei hasiera nork edo nortzuk eman erabakitzeko nahiz egitarauaren diseinua hautatzeko deialdiak plazaratu ditu. Deialdiotan parte hartzeko epealdia ere finkatu du; bihartik, apirilaren 21etik aurrera aurkeztu ahalko dira txupinazorako hautagaiak eta egitaraua diseinatzeko lanak. Horretarako, maiatzaren 19ra arteko tartea izango da.
Jaien hasiera
Herriko festak abiarazteko txupinazoa nork edo nortzuk jaurti, herritarrek erabaki ahalko dute beste urte batez. Jai batzordetik bi bide finkatu dituzte ekarpenak egiteko. Batetik, telematikoki aurkeztu ahalko dira, kultura@usurbil.eus helbidean. Bestela, presentzialki jai batzordeak udal instalakuntza zenbaitetan jarritako kutxetan sartu ahalko dira. Guneotan izango dituzue: udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean. Modu batean zein bestean, zuen hautagaia edo hautagaiak nortzuk diren zehaztu beharko duzue, baita zergatia ere.
Gogoan izan, iaz 40. urteurrena zuten Zumarte Musika Eskolako eta Ziortza Gazte Elkarteko kideek izan zuten festei ekiteko ohorea. Aurreko urteetan herritarrok:
Usurbilgo jaiei hasiera emandakoak
2002 Iñaki Urkia.
2003 Egin eta Egunkariako langileak.
2004 Alustiza.
2005 Amaia Zubiria.
2006 Antzerki taldea.
2007 Amador Granados.
2008 Juan Mari Torrealdai eta Olatz Altuna.
2009 Eskubaloi eta Judo taldekoak.
2010 Helduen danborradako kideak.
2011 Usurbil Zero Zabor.
2012 Atzegiko kideak.
2013 DYAko kideak.
2014 Eskubaloiko nesken taldea.
2015 Kilometroak.
2016 Dantza taldea.
2017 Hurbilago.
2018 Gaztainak erretzen ibiltzen den koadrila.
2019 Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategi.
2022 Odol-emaileen elkartea.
2023 Gazte mugimendua.
2024 Adineko emakume zaintzaileak.
2025 40 urte betetako Ziortza Gazte Elkartea eta Zumarte Musika Eskola.
2026 ?.
Egitarau diseinu lehiaketa
Festei hasierako udaletxeko balkoitik jaurtiko den lehen suziria pizteko ardura norena edo nortzuena izango den erabakitzeaz gain, egitaraua diseinatzeko lehiaketa ere antolatu du aurtengoan Udalak eta jai batzordeak. Sorkuntza lanak aurketzeko epealdia, bihar, apirilaren 21ean ireki eta maiatzaren 19ra arte luzatuko da. "Parte hartzaileek lehiaketaren oinarriak udalean eskatu behar dituzte, eta lanak udaleko harreran aurkeztu behar dira".
Unai Lopez Collantesena izan zen, iazko egitarau lehiaketako diseinu irabazlea. Aurtengo saridunak, ehun euro gehiago irabaziko ditu. Iazko ediziora arte, 500 eurokoa zen ordainsaria, 600 eurokoa izango da aurten. Horrekin batera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, hasieratik diseinatu beharko dute parte hartzaileek euskara hutseko bertsioa eta elebiduna.
Lehiaketaren oinarriak eskuratzeko bideok izango dituzue:
kultura@usurbil.eus
943 371 999
usurbilkultura.eus