Egunotako beroak ekaitza ekar dezake datozen orduotan. Hala ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Astearte arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte, prezipitazio handiagatik abisu horian izango garela jakinarazi du. Ordu tarte horretan, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra (2-4 zentimetro) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-100 kilometro ordukoak)".
Ekaitz arriskua izan eta lehertu arren, egun eguzkitsuak datozkigu, aipatu meteorologia agentziaren arabera. Izan ere, Euskalmet-ek iragarri duenez, astearte honetan, hilaren 21ean Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak agertuko dira eta ekaitzak jo lezake. Brisa. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Asteazkenean, hilaren 22an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin egunaren erdiko orduetan. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".
Ostegunean, hilaren 23an, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeiekin. Ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso daiteke.