Osasungintza publiko duin, unibertsal, doako eta euskaldunaren aldeko mobilizazioek ez dute etenik. Iragan larunbatean, Osakidetzaren lurralde osoko hiriburuetan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian manifestazio bana antolatu zuten tokian tokiko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek, hirurogeitik gora eragile sindikal, sozial eta politikoen babesarekin.
Gipuzkoako hiriburukoan parte hartu zuen Usurbilek mugakide duen Lasarte-Orian osatua duten herri bilguneak baita eskualde hau ordezkatzen duen Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataformak ere. Bulebarrean hasi eta amaitutako apirilaren 18ko mobilizazioaren amaieran, DOPAk berak eskualde honetako Erakunde Sanitario Integratuak (bertan dira eskualde honetako osasun zerbitzuak; lehen mailako arreta eskaintzen duten anbulatorioak, Etengabeko Arreta Guneak, ospitalea...) bizi duen gainbehera salatzeko mobilizazioa iragarri zuen astearte honetarako, hilaren 21erako.
Iragarritakoa bete dute. Astearte goiz honetan, 11:30etan Donostiako Unibertsitate Ospitalearen atarian mobilizatu dira. Aipatu DOPA plataformak deitutako elkarretaratzearen baitan, gainera, zenbait ordezkarik eskualde honetako ESIko arduradunarekin biltzeko eskaera erregistratu dute.
Medikuen falta
Osasun zerbitzuen egoera irudikatzen duten eskuorriak banatzen aritu dira, ospitalera sartu nahiz ateratzen ari zirenei. Osakidetzaren lurralde osoan, osasun zerbitzuen egoerak okerrera egiten jarraitzen duela ohartarazi dute, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, okerren dauden Etengabeko Arreta Guneak eskualde honetakoak dira, Donostialdekoak.
Kokatze aldera, Donostialdeako ESIaren baitan dira Donostiaz gain, Astigarraga, Errenteria, Getaria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia, Urnieta, Usurbil, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako osasun zerbitzuak. Eskualde honek osasun zentroen ordutegitik kanpo Donostian hiru Etengabeko Arreta Gune ditu (hiri erdiguneko Bengoetxea kalean, Amara Berrin eta Grosen) eta beste hiru, gainerako udalerri guztientzat; Hernanin, Zarautzen eta Errenterian soilik.
Gune horietan guztietan, arreta medikoa jaso beharko genuke, baina aspaldidanik egiten ari diren moduan, DOPA-k astearte honetan beste behin salatu moduan, oso bestelakoa da egoera. Gipuzkoako hiriburuko hiru Etengabeko Arreta Guneei dagokienean, "2024ko abenduan, Amara Berri EAG gisa ez ixtea lortu genuen, herritarren mobilizazioari esker, baina Gros eta Amara Berri erizaintza zentro bihurtu ziren eta inoiz ez dute medikurik. Eta Bengoetxeak ere arazoak ditu, mediku artaketa emateko ezintasunarekin, maizegi".
Hiriburutik kanpo, Zarautz, Hernani eta Errenteriako Etengabeko Arreta Guneei dagokienean, hainbatetan medikuak falta izan dituzte "partzialki edo guztiz eta horrek ez dagozkien lanak egitera behartzen ditu erizainak".
Bilera eskaera
Ikuspegia zertxobait zabalduta, Osakidetzaren lurralde osoko datuak aintzakotzat hartuta, hau da, Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako ESI guztiak kontuan izanda, "Donostialdeako EAGak EAEko egoerarik txarrenean daude, 2024ko datuen arabera. 2025ean egoerak okerrera egiten jarraitzen du, 2024ko udako datuekin alderatuta %2,3 medikurik gabeko txanda gehiago baitzeuden 2025eko udan". Zenbakitan, bete gabeko medikuen txanden tasa %36,4koa izan zen Donostialdeko Etengabeko Arreta Guneetan, 2024ko udan, ekainetik irailera bitarte. Bizkaia barnean bizi izan zuten bigarren tasa altuena, baina Donostialdekotik urrun, %13,7koa izan zen. %0aren bueltan izan ziren gainerako EAE-ko ESI gehienak, Goierri (%5,7), Basurto (%3,7) edota Bidasoa (%1,6) izan ezik.
Testuinguru honetan, eskualde honetako DOPA plataformak porrot gisa definitu du Eusko Jaurlaritzatik sustatzen ari diren Osasun Ituna. "Zilegitasuna galdu du, herri plataformak baztertuta eta dezepzionatutako parte-hartzaile asko aldenduta, Osakidetzako ia sindikatu guztiak, adibidez".
Gaurko mobilizazioarekin batera, beste urrats bat gehiago eman asmo du Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformak. "Lehenbailehen bilera bat eskatuko du egungo zuzendari Maite Martinezekin, arazoari aurre egiteko".