Hainbat ikastaroetan izena emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 21a

Zenbait trebakuntza saio antolatu dituzte hurrengo asteotarako. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Etumeta AEK euskaltegia
Korrikaren 12. Eguna izeneko ekimena antolatu dute asteazken honetan, apirilaren 22an. "Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena", jakinarazi zuten.

Doako ordubeteko eskolak eskainiko ditu AEK-k hilaren 22an Euskal Herrian dituen euskaltegietan. "Ordubeteko eskola emango dugu, doan, gure 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat", iragarri du AEK-k. Deialdi horretara batu dira Usurbilgo eta Lasarte-Oriako euskaltegiak ere. Modu horretan, NOAUA!ri jakinarazi diotenez, Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegiak goiz partean eskainiko du doako saio hori, 10:00-11:00 artean; Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegiak, aldiz, arratsalde partean eskainiko du eskola, 18:00-19:00 artean. Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue: 607 609 379 / usurbil@aek.eus


KzGunea
Apirilaren 30era arte goizez irekiko dute KzGunea, 09:00-13:00 artean. Hona hemen, bertara datozen ikastaroen berri:
-Apirilak 22-24, 09:00-11:00 “LibreOffice Impress. Zure aurkezpenak sortu”.
-Apirilak 27-30, 09:00-11:00 “LibreOffice Writer. Zure testu dokumentuak sortu”.
-Maiatzak 4-8, 18:00-20:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
-Maiatzak 11, 18:00-20:00 "Google Translate. Testuak eta web orriak itzuli".
-Maiatzak 12-15, 16:00-18:00 "PC, teklatua eta sagua hasieratik nola erabili ikas ezazu".
-Maiatzak 18-29, 16:00-18:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".

Informazio gehiago:
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net


Usurbilgo Euskal Kantu Taldea
Gogoan izan, astelehenero biltzen dira ikastarorako Kantu Taldekoak, arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Apirilari dagokion kantu-jira larunbaterako ez, oraingo honetan, hilaren 26rako, iganderako deitu dute. 12:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik. "Hilero bezala, apirilean ere indarrez eta umorez Usurbilgo kaleetan zehar kantuan ibiliko gara, baina oraingoan IGANDEAN. Egun horretan jai denez, beharbada aukera gehiago izango duzue bertan parte hartzeko. Beraz, animatu zaitezte gurekin batera herria alaitzera", egin dute gonbita Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek.


Beterri Buruntza mankomunitatea
“Parekatu” izeneko atzerriko ikasketa eta formakuntza-ibilbideen homologazioarekin laguntzeko doako prestakuntza saioak antolatu ditu Beterri-Buruntza mankomunitateak maiatzaren 6an (Urnietako Lekaio kultur-etxean, 10:00-12:00 artean) eta maiatzaren 26an (Lasarte-Oriako Antonio Mercero espazioan, 10:00-12:00 artean). Prozesu horri buruzko informazioa eta orientazioa eskainiko ditu Beterri Buruntza mankomunitateak Bidez-Bide elkarteko aditu baten eskutik, “aurrez aurreko bi orduko tailerren eta aukerako 30 minutuko banakako aholkularitzaren bidez”. Beterri-Buruntzan bizi eta ikasketak atzerrian egindakoei zuzendurikoak izango dira saiook. Tailerrotarako izena esteka honen bidez eman daiteke: https://forms.gle/e49qNCeFvX78ffpn7 . Bestalde, interesa izan baina aipaturiko ordutegian joan ezin dutenak enplegua@beterriburuntza.eus helbidean jar daitezke hartuemanetan mankomunitatekoekin.

Bestalde, "enpresa-kudeaketa" ikastaroa antolatu dute aipatu mankomunitateko Enpresa eta Sustapen sailetik, "pertsona ekintzaile eta mikroenpresetako enpresarientzat. Helburua parte-hartzaileei ideia/enpresa inguruko hausnarketa eta negozioen kudeaketa eraginkorra egiteko erremintak ematea da". Maiatzaren 6tik ekainaren 17ra zazpi enpresa-kudeaketa tailer eskainiko dira, asteazkenetan. "Tresna praktikoak" eskainiko dituzte, "zure negozioa erraz martxan jartzeko", Beterri-Buruntza mankomunitatetik azaldu dutenez. Honako hauek dira eskainiko diren saioak:
-Maiatzak 6: "Ekiten ari naiz. Hutsetik hasi edo jadanik abian dagoen negozio bat hartu. Ekiteko gakoak eta laguntzak".
-Maiatzak 13: "Ideiatik aukerara: bideragarritasun plana".
-Maiatzak 20: "Merkatuaren azterketa eta marketin ekintzak nire bezeroarengana iristeko".
-Maiatzak 27: "Nire negozioaren zenbakiak: Finantzak erraz!".
-Ekainak 3: "Negozioaren alderdi juridiko nagusiak".
-Ekainak 10: "Negozioaren zerga betebeharrak":
-Ekainak 17: "Zer dakar autonomo izateak? Ditudan betebeharrak eta eskubideak".


Tailer guztiak presentzialak izango dira eta Urnietako Pintore kalea 3an eskainiko dira, 9:30-13:30 artean. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, plaza kopurua mugatua da. "Eskualdeko enpresa proiektuak edota eskualdeko ekintzaileak lehenetsiko dira. Bestalde, izen-emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko". Izena esteka honetan eman ahalko da: enpresa-kudeaketa ikastaroa


Oiardo kiroldegia
Udan ere ariketa fisikoa sustatzeko hainbat jarduera iragarri ditu Udalak uztailaren 1etik 30era (hilaren 2ko jaiegunean izan ezik) haur eta gazteentzat (aisialdia, mugimendua eta jolasak uztartzen dituzten kirol txokoak, skatea, eskalada, gimnasioko tresnak ezagutu eta entrenamendu saio egokiak egiten ikasteko saioak), 16 urtetik gorakoentzat (spinning, pilates, 3. adina, mantentze gimnasia, konbinatua, entrenamendu funtzionalak, multigym, total training) nahiz 16 urtetik gorako emakumeentzat (haurdunentzat, erditze ostekoentzat eta oinarrizko indar entrenamendua lantzeko saioak).

Berrikuntza nagusia skate ikastaroa izango da. Bizkarreko skate parkea eraberritu ondotik, herritarrek mailegatzeko zortzi skate erosi ditu Udalak jarduera hau gizarteratzeko. "Kiroldegiak skatea utziko dio behar duenari, baina kaskoa eta bestelako babesgarriak norberak eraman beharko ditu". Bestalde, ezingo da ordutegi berdinean antolatzen dituen bi jarduera desberdinetan izena eman. Azkenik, "zerbitzuen zentzuzko erabilera bermatze aldera, haur guztien asistentzia datuak jasoko dira".

Ikastaroen eskaintzarako izen-ematea apirilaren 16tik 27ra izango da, lotura honetan: https://forms.gle/tjCgqGBKuxdT23Nc9.

Informazio gehiago: 943 37 24 98 / kirola@usurbil.eus.