Usurbil, Gipuzkoako Herriartekorako prest

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 2a

Aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan parte hartuko du Usurbilek. Lehen kanporaketa Eibar eta Andoain herrien arteko neurketaren irabazlearen aurka jolastuko du, maiatzaren 17ko asteburuan.

Asteburu honetan abiatuko da aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Hiru espezialitateetan jokatuko da, modalitateotan: eskuz, larruzko paleta-pala motzarekin eta gomazko paletarekin. Iaz bezala, Usurbil eskupilotan lehiatuko da. Guztira, 24 udalerriek eman dute izena eskupilotan lehiatzeko. Udalerri hau Pagazpe elkarteko pilotariok ordezkatuko dute: kadeteetan Ekain Alejok eta Markel Alejok; gazteetan, Aimar Alejok eta Enaitz Errastik; nagusietan, Xabi Santxok eta Iñigo Ibargoienek. 

Herriartekoa asteburu honetan abiatuko da final hamaseirenekin. 24tik 16 udalerri lehiatuko dira datozen bi asteburotan. Fase horretan nagusiturikoak maiatzaren 17ko eta 24ko asteburuetan jokatuko diren final zortzirenetara igaroko dira eta haiekin lehiatuko dira gainerako zortzi udalerriak; tartean da Usurbil. Usurbilen aurkaria Eibarren eta Andoainen arteko kanporaketako irabazlea izango da. Joaneko neurketak Eibarren edo Andoainen jokatuko ditu Usurbilek, aipatu bezala hilaren 17ko asteburuan; itzulerakoak, berriz, hilaren 24ko asteburuan, Usurbilen.

Fase horretan nagusituz gero, final laurdenetarako sailkatuko da udalerri hau eta fase horri dagozkion partidak maiatzaren 31ko eta ekainaren 7ko asteburuetan jokatuko dira.

Orohar, aurtengo edizioan handitu egingo da parte hartzaile kopurua; hiru herri gehiago ariko dira eskuz, lau herri gehiago palaz eta beste lau gomazko paletarekin. Horrez gain, edizio honek garaikur berriak izango ditu, kirol jarduera honetarako baliaturiko esparatrapu hondakinekin eginikoak.


Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa
Parte hartuko duten pilotariak: 495.
Eskuz 24 udalerri, 58. edizioan:
Aduna, Aia, Albiztur, Alegia, Amasa-Villabona, Amezketa, Andoain, Antzuola, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Hernani, Lazkao, Oiartzun, Oñati, Usurbil, Zaldibia, Zegama, Zestoa, Zizurkil.
Larruzko paletarekin eta pala motzarekin 10 udalerri, 35. edizioan: Andoain, Azpeitia, Deba, Donostia, Errenteria, Lazkao, Oiartzun, Olaberria, Ordizia, Zumaia.
Gomazko paletarekin 18 udalerri, 8. edizioan: Aia, Alegia, Andoain, Anoeta, Astigarraga, Azkoitia, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Oiartzun, Soraluze, Tolosa, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Zumarraga.
Eskupilotako txapelketaren egutegia:
-Maiatzak 3ko eta 10eko asteburuetan final hamaseirenak: Eibar-Andoain, Donostia-Amasa-Villabona, Albiztur-Astigarraga, Aduna-Oñati, Aretxabaleta-Alegia, Amezketa-Lazkao, Zizurkil-Aia, Zegama-Antzuola.
-Maiatzak 17ko eta 24ko asteburuetan final zortzirenak: Usurbil Eibar edo Andoainen lehiatuko da, Bergara Donostia edo Amasa-Villabonarekin, Zaldibia Albiztur edo Astigarragarekin, Zestoa Aduna edo Oñatirekin, Hernani Aretxabaleta edo Alegiarekin, Azpeitia Amezketa edo Lazkaorekin, Oiartzun Zizurkil edo Aiarekin, Azkoitia Zegama edo Antzuolarekin.
-Maiatzak 31ko eta ekainak 7ko asteburuetan final laurdenak.
-Ekainak 14ko eta 21eko asteburuetan finalerdiak.
-Ekainaren 28an finala.
Usurbil lehiaketan:
-Lehiakideak: kadeteetan Ekain Alejo eta Markel Alejo; gazteetan, Aimar Alejo eta Enaitz Errasti; nagusietan, Xabi Santxo eta Iñigo Ibargoien.
-Final zortzirenetan hasiko da lehiatzen Usurbil. Maiatzaren 17an jokatuko du joaneko partida Eibarren edo Andoainen kontra eta hilaren 24ko asteburuan itzulerako partidak Usurbilen.