"Gipuzkoako organoak plazara"

“Itzaletik argira: emakumea organoan” emanaldia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 22a

“Gipuzkoako Organoak Plazara” zikloaren baitan, Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren eta Ignacio Arakistain organo-jolearen kontzertua izango da ostiralean Salbatore elizan.

Abesbatzen topalekua izaten ari da azkenaldian Salbatore eliza. Easo Cum Jubilo abesbatzakoen kontzertua izan zuten iragan larunbatean, apirilaren 18an. Astebeteko tartean bigarren emanaldia izango da; datorrena, ostiralean, hilaren 24an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Andoni Sierrak zuzenduriko Errenteriako Andra Mari Abesbatzako kideak bisitan izango dira etzi Salbatore elizan, Ignacio Arakistain organo-jolearekin. “Itzaletik argira: emakumea organoan” izeneko kontzertua eskainiko dute, Musikenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko aurtengo “Gipuzkoako Organoak Plazara” zikloaren baitan.

Hilaren 17tik 26ra, Irungo, Donostiko, Azkoitiako, Ataungo eta Usurbilgo elizetan antolaturiko hitzordu zikloaren bederatzigarren edizioak ere “Gipuzkoako ondare organistikoa eta organo errepertorioa (tartean, Usurbilgo Salbatore elizakoa) publikoari hurbiltzea du helburu, askotariko jarduerak dituen ziklo moldakor baten bidez”.

Aipaturiko hitzorduen bidez, "organo zoragarri horiek ezagutzeko aukera izango dugu, nazioarteko artisten eta Musikenen ilusioz ikasten duen talentu gaztearen eskutik".

Antolatzaileek adierazi dutenez, "espero dugu aurtengo honetan ere publikoak gozatzea Gipuzkoaren organo-ondare bikaina nabarmentzeko prestatu dugun kalitate goreneko programazioaz".

Abesbatza eta organo-jolea
Usurbilgo kontzertuaren edukia duzue segidan:
-Nadia Boulanger (1887-1979): "Trois Improvisations pour orgue", "Prélude", "Petit Canon", "Improvisation".
-Richard Wagner (1813-1883) : "Vorspiel zu Tristan und Isolde (Bearbeitung: A.W. Gottschalg)".
-Junkal Guerrero (1968): "Arimen Besarkadan", "Requiem-Introitus", "Absentziari lo kanta", "Offertorium", "Sanctus", "Pie Jesu", "Agnus Dei", "Libera me", "Arimen besarkadan".

Ostiralean Salbatore elizara datorren Andra Mari abesbatza Errenterian sortu zuen José Luis Ansorenak 1966an. Ordutik "kontzertu-jarduera luzea eta sendoa egin du abesbatza-musikaren esparruan, bai Euskadin, bai Estatuan. Orkestra-talde ospetsuekin parte hartu du, eta grabazio ugari egiteaz gain, zuzendari eta bakarlari handiekin lan egin du. Andra Mari koruak errepertorio zabala du, genero koral guztiak hartzen baititu, operak eta zarzuela barne, eta euskal musikan duen espezialitatea nabarmenduz".

Emanaldiko organo-jolea Ignacio Arakistain Agirre 1998an jaiotako azpeitiarra da. Zikloaren antolatzaile Musikeneko ikaslea da bera, Azpeitian ikasten hasi eta Francisco Escudero erdi mailako Donostiako kontserbatorioan emanaldiko protagonistetako bat, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak egiten aritu ostean.

Informazio gehiago, hemen eskura dezakezue: musikene.eus