Udalbatzaren osoko bilkura

Telelanaren araudia behin betiko onartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 23a

Azaroaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu zuten telelanaren araudia behin behinean. Alegazio epealdian ekarpenik egon ez zenez, behin betiko onartutzat jo du Usurbilgo Udalak.

Udal langileei lotutako zenbait erabaki hartu zituen udalbatzak iragan azaroaren 26an eginiko osoko bilkuran. Tartean, haiek telelana egin ahal izateko erregelamendua hasieraz eta aho batez onartu zuen. Gerora, erabaki haren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko alegazio epealdia zabaldu zuten. Tarte horretan inork ekarpenik egin ez zuenez, behin betiko onartutzat jo du Udalak, ostegun honetako, apirilaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Horrekin batera, Udalak berak berri eman duenez, bihartik, hilaren 24tik aurrera indarrean izango da araudi berri hau eta "horrela jarraituko du hura aldatzea edo indargabetzea erabakitzen den arte". Lan-modalitate borondatezkoa izango da. Horretaz baliatu ahalko dute udal langileen (funtzionarioek zein lan kontratudunek), "baldin eta lanpostuaren ezaugarriak bateragarriak badira lan-modalitate honekin" edota "lanaldi-mota horretan zerbitzua emateko baldintzak betetzen badituzte": horien artean, telelanaren modalitatean egin daitekeen lanpostu batean aritzea; zerbitzu-aktiboan egotea; lanpostuari dagozkion eginkizunak telelanaren bidez garatzeko behar adina ezagutza informatiko edo telematiko, teoriko eta praktiko izatea; eskatzaileak bere lanak egiteko nahikoa gaitasun duen telekomunikazio-sistema (Internet-sarbidea) egokia izatea; telelaneko lanaldian zehar lokalizatua izateko langileak komunikazio sistema bat jartzea; arloko departamentuko arduradunaren oniritzia izatea; lan-arriskuen prebentzioko baldintzak betetzea; edota departamentu bakoitzean, gutxienez langileen %50ak modu presentzialean bere lanaldia betetzea.