Zein eskalada mota egiten duzu?
Nik egiten dudana kirol eskalada deitzen da, rokodromoetako eskalada da. Entrenamendu gehienak rokodromoetan egiten ditut, eta arroka oporretara noanean. Hiru kirol eskalada modalitate daude: abiadura eskalada, 15 metroko pareta bat ahalik eta azkarren igotzean datza eta heldulekuak beti toki berdinean daude jarrita; zailtasun eskalada, 20 metroko pareta batean erresistentzia lantzen da; eta azkenik, niri gehien gustatzen zaidana, bloke eskalada; altura txikiagoko eskalada, baina pauso leherkorragokoa. Nik bakarrik zailtasun eta bloke modalitateak egiten ditut.
Duela gutxi domina bat irabazi duzu Espainiako txapelketan. Zer sentiarazten dizu garaipen horrek?
Aukerak ikusten nituen irabazteko, baina ez nuen espero blokeko eskaladan lehenengo postuan gelditzea. Momentuan oso pozik jarri nintzen. Lehenengo egunetan pozik nengoen, baina egun batzuk pasatzean gertatuko ez bazen bezala da.
Zenbatgarren domina izan zen?Eta Euskal Herriko txapelketetan
baten bat duzu?
Espainiako txapelketetan lortzen dudan hirugarrena. Euskal Herriko txapelketan 2024. urtean hirugarren gelditu nintzen bai blokeko eskaladan, bai zailtasuneko eskaladan, eta 2025ean, blokekoan lehenengo gelditu nintzen eta zailtasunean bigarren. Euskal Herriko bloke txapelketa maiatzaren 10ean da.
Zer espero duzu lortzea blokek txapelketa horretan?
Irabazteko aukerak dauzkadala uste dut. Hala ere, badago jendea oso indartsu dagoena, eta orduan ez ditut espektatiba gehiegirik eduki nahi. Baina nahiko lasai joango naiz. Espainiako txapelketa ondo egin dudanez, Euskal Selekzioan postua izango dudala uste dut.
Presioa sentitzen duzu txapelketetan?
Espainiako txapelketan lehenengo aldiz podiumean gelditu ostean, hurrengo txapelketetara presioarekin joaten nintzen, baina alderdi hori landu dut eta ia ez dut presiorik. Agian orain, lasaiago noa. Izan ere, txapelketa ondo egin dudanez, selekzioan egoteko aukera dut.
Nola landu duzu presio hori kentzea?
Orain, kiroletako psikologo batengana noa, eta horrelako gauzak lantzen ditugu. Finaletan, lau minutu izaten dituzu eta ikusle guztiak zuri begira egoten dira. Hori nahiko zaila izaten da gestionatzea.
Lau minutu horietarako psikologoak teknikaren bat eman al dizu?
Teknika batzuk landu ditugu, eta horrekin erlaxatu egiten naiz. Arnasketa batzuk egiten ditut, eta gero beti errutina bera egiten dut eskalatzera atera aurretik. Horrek, kontzentratzen eta erlaxatzen laguntzen dit. Esaldi bat esaten diot nire buruari, eta gero keinu fisiko bat.
Eskaladatik bizi al daiteke?
Bizitzea badago, baina nahiko zaila da.