Ezohiko irudia ostegun honetan, apirilaren 23an Usurbilgo erdiguneko kaleetan. Udal zerbitzuetan lanpostu bat baino gehiago hutsik geratu da goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 13:00ak arte. Izan ere, bi orduko lanuztea egin dute udal langileek. Hilabete hasieran, negoziazio mahaietan lan-baldintzak hobetzea galdegitea zuten xede, ostegun honetan LAB eta ELA sindikatuek udaletan deitutako lanuzteekin.
"Udalhitzeko negoziazioa hasi eta ia urte eta erdi pasa denean, langileen aldarrikapenak ez daude mahai gainean. EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean eta, orokorrean, konkreziorik gabekoak dira. Udalhitzen kanpo dauden udaletan (hiriburuak eta udal handiak, gehienbat) gauza bera gertatzen ari da. Orokorrean, urte asko daramatzagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan. Hala, udaletako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira urtez urte", salatu zuten aipatu bi sindikatuek, hilabete hasieran eginiko agerraldian.
Testuinguru horretan deitu dituzte ostegun honetarako bi orduko lanuzteak ELA eta LAB sindikatuek udaletan. Horiekin bat egin dute Usurbilgo udal langileek ere. Lehenbizi, udaletxe atarian bildu dira, "lan-baldintzak hemen erabaki. Udalhitzen erabakiak orain!" aldarripean. Adierazpena plazaratu ostean, handik gero Mikel Laboa plazara joan dira.
"Gero eta gehiago gara, jarraitu dezagun lanean eta landu ditzagun maiatzaren 14ko zein ekainaren 4ko greba egunak", deitu dute. Hemen duzue udal langileok plazaraturiko adierazpena osorik:
Udal langileek lanuztean plazaraturiko adierazpena
Gaurko egunerako, EUDELek Udalhitzeko mahai-negoziatzailea deitua duen bezperarako, ELA eta LAB sindikatuek bi orduko lanuztea deitu dugu Udalhiltzeko zein hortik kanpoko udaletako (hiriburuak eta udal handiak gehienbat) negoziazioetan udal langileek eskatzen ditugun aldarrikapenak mahaietara ekarri ditzaten.
Bi orduko lanuzte honek 75 udal baino gehiagotan mobilizatzea eragin du, lanuztean udaletako zein udal erakunde publikoetako langileek parte hartu dugularik. Hemen mobilizatzen ari garen langileok tokiko administrazioei, hauek gobernatzen dituzten alderdi politikoei zein EUDELi exijitzen diegu mahai-negoziatzaileetara edukiak orain ekartzeko, soldata eta enpleguari dagozkion gaiak hemen negoziatu behar direla aldarrikatzearekin batera.
Udal eremuan urte asko daramagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan. Bitartean, aurreko urtean Udalhiltzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen eta orain dela hamasei urte berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, Udalhitzen negoziazioan urte eta erdi pasa den arren, oraindik orain EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean eta orokorrean konkreziorik gabekoak dira. Udalhiltzen kanpo dauden udaletan berdina gertatzen ari da.
Testuinguru horretan, negoziazio-mahaietara edukiak eraman eta lan-baldintzen hobekuntza negoziatzea exijituz ELA eta LAB sindikatuok adosturiko aldarrikapen komun batzuen baitan, mobilizazio eta greba dinamika abiatu genuen. Zentzu horretan, gaurko lanuzteak eta langileek erakutsitako indarrak alderdi politikoak mugiarazi dituen edo ez ikuskizun dago, biharko mahai negoziatzaileko edukiek argituko digute hori. Langileon aldarrikapenak mahai gainera ekarri bitartean, langileok argi daukagu abiatu dugun borrokarekin jarraitu behar dugula eta horregatik maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebak burutuko ditugu EAEko udaletxe guztietan.
Bukatzeko, lanuztea egin eta mobilizazioetan parte hartu duzuen langile guztiak zoriondu nahi zaituztegu. Gero eta gehiago gara, jarraitu dezagun lanean eta landu ditzagun maiatzaren 14ko zein ekainaren 4ko greba egunak. Udalhitzen zein udaletako negoziazioetan edukiak orain eskuratzeko modu bakarra da! Beraz, presionatu ditzagun alderdi politikoak langileoi dagokiguna eskuratu arte!
Jo ta ke, irabazi arte!
Gora langileon borroka!
Euskal Herrian, 2026ko apirilaren 23an.

