Talde barruan nahiz ate joka dugun urteroko jaialdian, belaunaldiartekotasuna izaten dute haien jardunaren ardatz nagusietako bat; oraingoak, ordea, garrantzia are nabarmenagoa izango du. Orbeldik, beste behin, plaza hartu eta dantzara gonbidatu gaitu larunbaterako, apirilaren 25erako antolatu duen jaialdian. Erromerietan murgiltzeaz gain, dantza ikusteko aukera izango da goiz partean belaunaldi gazteenak eskainitako 7. Dantzari Txiki topaketaren bidez. Ikusmina sortu izan ohi du baita, gau parterako sortu ohi duten ikuskizunak. Aurtengo sorkuntza lanaren estreinaldiak "Aitaren Gutuna" izena du.
"Geratzeko sartu gara"
Belaunaldiartekotasunean ardaztua egongo da istorioa bera eta hala nabarmendu da baita emanaldiaren eraikitze prozesuan ere, erreleboa gertatu baita ikuskizunaren sorkuntzan. Lehenbiziko aldiz, Dantza Eguna lehen ediziotik eta haien haurtzarotik bizitako hirukote berri bat sartu da emanaldi horren gidaritza taldean; Irati Indakoetxea eta Uxue eta Garazi Mindegia. "Geratzeko sartu gara", adierazi ziguten, urtero moduan, estreinatzear duten herri ikuskizuna prest uzteko, iragan larunbatean, apirilaren 18an, goiz partean Agerialdeko frontoian eginiko entsegu saio orokorrean.
Aipatu hirukotea haurtzarotik dabil Orbeldin dantzan. Larunbateko jaialdia sorreratik bizi izan dute, hasieran ikusle moduan. Zirrara handiz, frontoiko lehen lerroan eserita ikusten zituzten Dantza Eguneko gau parteko lehen ikuskizunak. Ordutik herriko talde horretan bidea eginez segi izan dute, gau parteko ikuskizuneko ikus-entzule izatetik plaza hartu arte. Gogoan dute, noiz izan zuten herri mailako urteko ikuskizun seinalatuenean parte hartzen hasteko aukera. 2019-20 ikasturtean izan zen. "Juxtu hasi behar genuen urtean, covid19ak eragindako osasun krisialdia etorri zitzaigun" eta urtebete geroago eskaini behar izan zuten emanaldi hura. Halere, oroitzen dutenez, "gu hasi ginen entseatzen helduekin. Inpresio handia eragin zigun, bapatean helduen taldean sartzeak".
"Freskotasuna ekarri du"
Azken urteotan, Orbeldikoen emanaldi horretan aritu ostean, beste jauzi bat eman dute haien inplikazio mailan. Estreinakoz, aurtengo emanaldia, "Aitaren Gutuna" izenekoa sortu dute. Iazko udan izan zen, Mindegiatarrek azaldu bezalaxe. "Udan, proposamen zaparrada batetik sortu zitzaigun ideia. Luze geratu zen, egokitu genuen. Denon artean sortutako istorio bat da. denon artean moldatu dugu; kantak egin ditugu, istorioa egituratu...". Halakoetan ohikoa izaten den moduan, jatorrizko ideiak aldaketak izan ditu. "Abestiak hautatzerako orduan, letra jartzea pixka bat kosta zitzaigun. Aldaketa asko egon dira".
Emozio handiz bizitzen ari dira iazko udan hutsetik sortutako ideiak nolako itxura hartu duen. "Koreografia sortzen oso ondo pasa dute", adierazi digu Orbeldiko kide Eli Eizagirrek. Nabarmendu duenez, "kide berrien sarrerak, freskotasuna ekarri du" eta agerian geratu da, "jende sortzaile asko" duela herri honek.
"Txikitatik dantza bizi izan dugu"
Hainbat bidelagun izan dituzte taldean; hasteko, noski, dantza taldea bera eta haiekin, ikuskizunari soinu-banda jarritako herriko musikariak, beste urte batez "lan piloa egin duten" jostunak... Dantza Eguna iragartzeko kartela Eider Makazagarena da. Gaueko emanaldian zehar entzungo den ahotsa, Gari Udaberena. Esker ona adierazi diete haien ekarpena egindako guztiei. Izan ere, auzolanean diharduen herritar talde handi baten emaitza izaten da Dantza Eguna bera, eta baita gau parteko ikuskizunaren estreinaldia. Haren ontze prozesua gidatzen du Orbeldik eta haren baitan espresuki zereginotarako osatua den lantaldeak. Bertako kide dira lerrootako elkarrizketatuak. Horrez gain, belaunaldi gazteenari dantza irakasten dihardute. Urrats naturala izan da Indakoetxearentzat nahiz Mindegiatarrentzat Orbeldi barruan eginiko bidea. "Txikitatik dantza bizi izan dugu, gure bizitzaren parte izan da. Beti eragin izan digu ilusioa. Urte osoa Dantza Egunaren zain izaten gara. Lehen gugatik egin zuten moduan, orain guri dagokigu besteengatik egitea. Taldean segiz gero, egindakoa ibilbide naturala da".
Belaunaldi gazteenari dantza irakasten dihardute. Egun, 80 bat gaztetxo inguru ditu Orbeldik. Gogotsu datoz, gainera. "DBH inguruan taldea mantentzen kosta izan den moduan, orain jarraikortasun bat izango dugula dirudi", Orbelditik adierazi digutenez. Belaunaldi horren lanketaren ispilu izango da larunbateko 14. Dantza Eguna. Izan ere, 7. Dantzari Txiki topaketan parte hartuko dute. "Guk hau bizitzen dugun emozioarekin bizi dute haiena. Haien unea bizitzeko aukera dute eta plazan aritzen ohitzea ahalbidetzen die. Gainera, kanpoko taldeak datoz. Asko ahalegintzen dira, une polita izaten da".
Bizitzaz hausnarrean
Gaueko emanaldiaren antolakuntza lanean murgiltzeak aukera eman die ezagutzeko barrutik zer lan dagoen. "Desberdina da. Ez da ikusten zenbat lan dagoen. Bileretara joatean ikusten hasi ginen zer egiten zen antolatzeko. Ez dirudi baina ordu asko sartu behar dira, gauza piloa dago kudeatzeko. Hemen batzuk urte piloa doaz", nabarmendu dute.
Iragan larunbateko Agerialdeko frontoiko entsegu saio orokorrean aipatu zigutenez, "jada forma ona du" aurtengo emanaldiak. Horretan ere, Orbeldi alderik alde zeharkatzen duen belaunaldiartekotasuna nabarmendu beharra dago. "17-70 urte arteko parte hartzaileak ditugu. Hori da gure potentzialtasuna", dantza taldetik azpimarratu dutenez.
Herriari aurkeztear duten ikuskizunari buruz galdetu diegu. "Aitaren Gutuna" emanaldiak ere belaunaldiartekotasuna, erreleboa badu mintzagai. "Aita batek hemezortzi urte betetzen dituen alabari kontatzen dion bizitzaren bueltako istorioa da. Alaba txikia zenean hil zen aita. Gutun bat idazten dio eta bidaia bat egiten du, aitak esan diona deskubritzeko. Bizitzari buruzko hausnarketa bat da", aurreratu digute.
Momentuz, aurtengoa borobildu nahi dute lehenbizi, hurrengo ikuskizuna irudikatzen hasi aurretik. Orbeldi eta haren urteko dinamikara gerturatzeko aukera polita izango da larunbatean, haien esanetan. Haien gonbita, bi hitzetan, laburbildu daiteke; animatu dantzara. "Oso egitarau polita dugu egun osorako. Une ezberdinak izango ditugu dantzaz gozatzeko. Atera kalera, dantzara. Nahieran, baina dantzatu!".
14. Dantza Eguna
Apirilak 25, larunbata
11:30 VII. Dantzari Txiki. Talde gonbidatuak: Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka. Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.
14:30 Herri bazkaria Askatasuna plazan.
17:00 Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallus trikitilariak Artzabalen.
22:00 "Aitaren Gutuna" ikuskizuna frontoian.
Oharra: ikuskizunaren aurretik frontoian afaldu asmo dutenek, bertan egongo diren hondakinak biltzeko ontziak erabiltzea eskatu dute antolatzaileek.
Ondoren, Iratzar erromeria Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Orbeldi D.T.
Laguntzailea: Udala.