Uda 2026

Udako aisialdi ekimenetan izena emateko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 24a

Uztaileko Udajolasen nahiz kirol jarduera hainbatetan izena emateko apirilaren 27ra arteko epealdia duzue.

Udajolas
Hilaren 27ra arteko epealdia izango dute interesdunek udalekuotan parte hartzeko tramitazioa bideratzeko, esteka honetan: https://labur.eus/ekpgerlm

Esteka horretara hel zaitezkete baita, web orrialde honetako "Udajolas" atalean klikatuta ere, helbide honetan: noaua.eus/bereziak/udajolas-2026 . Bertan, izena emateaz gain, ekimenari buruzko beharrezko informazioa ere jasoko duzue.

Ohi bezala, 4-12 urte artekoei zuzenduriko eskaintza izango da, HH3-LH 6 mailetan dabiltzanentzat. Aurten, Usurbilgo jaiak amaitu eta biharamunean hasiko da Udajolas, uztailaren 6an; amaitu, aldiz, hilaren 30ean. Ordura arte, astelehenetik ostiralera eskainiko da, goizez eta lau orduz, ohi bezala, 09:30-13:30 artean. Ostegunetan, txangoak egingo direnez, 16:30ak arte luzatuko da Udajolas.

"Udajolasen helburua da Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia bermatzea, hezitzailea eta balioetan oinarritua, euskararen normalizazioa bultzatzeko", antolatzaileen esanetan.

Hobariak
Segidan dituzue, Udajolasen izena eman ahal izateko ordaindu beharko duzuen diru kopuruaren nahiz ordainketa moduen berri, baita aurkeztu beharreko agiriei buruzko xehetasunak ere. 135 euroko kuota orokorra ezarri da aurtengorako, 114,75 eurokoa familia ugarien kasuan. Halere, kuota arruntez gain, errentaren araberako hobariak aplikatuko dira, aurrez udalak onartutako ziurtagiria aurkeztuta; %50-90 arteko hobariak jaso daitezke.

Gainerakoan, Udajolasen zenbatekoaren ordainketa Laboral Kutxan egin beharko da, segidan duzuen Usurbilgo Udalaren kontu korronte zenbakian hain zuzen: ES28 3035 0140 34 1400025811. Ez ahaztu, ordainketa egiterakoan kontzeptuan "Udajolas" zehazteaz eta haurraren izen-abizenak adierazteaz.

Ordainketa eginda, ordainagiri hori helarazi beharko da NOAUA! Kultur Elkartera. Horrekin batera, dokumentuok ere igorri beharko dira elkartea@noaua.eus helbidera: Gizarte Segurantzako txartelaren kopia edo argazkia; familia ugarien kasuan, familia ugarien txartela edo familia liburuaren kopia; eta, azkenik, hobarien kasuan, Udalak aurrez emandako ziurtagiria.

Udajolasi buruzko xehetasun gehiago, izena ematen duten haurren gurasoei zuzenduriko bileran jaso ahalko dira, ekainaren 23an, arratsaldeko 17:00etan Sutegin; baita egunotan ere, bideotatik: elkartea@noaua.eus /688 807 336. Web orrialde honetako "Udajolas" atalean ere xehetasun gehiago jaso nahiz bertan duzue baita izena emateko aukera, helbide honetan hain zuzen: noaua.eus/bereziak/udajolas-2026





Kirol jarduerak
Udan ere ariketa fisikoa sustatzeko hainbat jarduera iragarri ditu Udalak uztailaren 1etik 30era (hilaren 2ko jaiegunean izan ezik) haur eta gazteentzat (aisialdia, mugimendua eta jolasak uztartzen dituzten kirol txokoak, skatea, eskalada, gimnasioko tresnak ezagutu eta entrenamendu saio egokiak egiten ikasteko saioak), 16 urtetik gorakoentzat (spinning, pilates, 3. adina, mantentze gimnasia, konbinatua, entrenamendu funtzionalak, multigym, total training) nahiz 16 urtetik gorako emakumeentzat (haurdunentzat, erditze ostekoentzat eta oinarrizko indar entrenamendua lantzeko saioak).

Berrikuntza nagusia skate ikastaroa izango da. Bizkarreko skate parkea eraberritu ondotik, herritarrek mailegatzeko zortzi skate erosi ditu Udalak jarduera hau gizarteratzeko. "Kiroldegiak skatea utziko dio behar duenari, baina kaskoa eta bestelako babesgarriak norberak eraman beharko ditu". Bestalde, ezingo da ordutegi berdinean antolatzen dituen bi jarduera desberdinetan izena eman. Azkenik, "zerbitzuen zentzuzko erabilera bermatze aldera, haur guztien asistentzia datuak jasoko dira".

Ikastaroen eskaintzarako izen-emateko aukera apirilaren 27ra artekoa izango da, lotura honetan: https://forms.gle/tjCgqGBKuxdT23Nc9

Informazio gehiago: 943 37 24 98 / kirola@usurbil.eus.