14. Dantza Eguna

7. Dantzari Txiki topaketa edota "Aitaren Gutuna"-ren plazaratzea, Orbeldiren larunbateko jaialdian

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 24a

14. Dantza Eguna antolatu du Orbeldi D.T.-k larunbat honetarako, apirilaren 25erako.

Atzerako kontaketa martxan du Orbeldi Dantza Taldeak larunbat honetarako, apirilaren 25erako antolaturiko 14. Dantza Egunerako. Egun osoko eskaintza prestatu du Orbeldik. Hasteko, goiz partean, 7. Dantzari Txiki topaketa iragarri dute. Usurbilgo dantzariek bidelagun izango dituzte, lehenik, herrian barrena egingo duten kalejiran nahiz gero frontoian eskainiko duten emanaldian, Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka taldeak.

Arratsalde partean, erromeria giroa nagusituko da Artzabalgo plazan, Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallusekin.

Amaitzeko, gau partean, Orbeldik hilabeteotan ondutako ikuskizunaren estreinaldi mundiala; aurtengoak "Aitaren Gutuna" izena darama. Ikuskizunaren ostean, hilabete hau nahiz Dantza Eguna hasi bezala amaitzeko, Iratzar taldekoekin erromeria Mikel Laboa plazan.

Hemen duzue, aurtengo Dantza Egunerako Orbeldik osatu duten egitaraua:

Apirilak 25, larunbata
7. Dantzari Txiki:

Talde gonbidatuak: Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka.
11:30 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.

14:30 Herri bazkaria Askatasuna plazan.
17:00 Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallus trikitilariak Artzabalen.
22:00 "Aitaren Gutuna" ikuskizuna frontoian.
Oharra: ikuskizunaren aurretik frontoian afaldu asmo dutenek bertan egongo diren edukiontziak baliatzea eskatu dute antolatzaileek.
Ondoren, Iratzar erromeria Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.