Usurbilgo udalak 2025ko hondakinen bilketaren datu guztien emaitzak argitaratu ditu. Iaz, guztira 3.280 tona hondakin jaso ziren Usurbilen, 2024an baina 166 tona gehiago. Oro har, gaikako kopuruek gor egin dute. Udalaren arabera, gaikako bilketa %84,7koa izan zen 2025ean, eta herritar bakoitzak 2024an baino 22kg hondakin gehiago sortu dituela azaldu du, pertsona bakoitzak 506kg sortu zituelako iaz.
Ontzi arinen kasuan, 293 tona jaso ziren, 2024an baina 7 tona gehiago. Biohondakinen kopuruak ere gora egin du 38 tona gehiago jaso baitira, guztira 860 tona. Industrian eta kale garbiketan ere gorakada izan da, eta bietan 15 tona gehiago jaso dira, 337 tona eta 69 tona, hurrenez hurren. Bildutako errefusa kopurua 2024koaren oso antzekoa izan da, tona bat gehiago baita. Paperaren eta kartoiaren hondakinen bilketan, aldiz, beherakada izan da, 2024an baino 23 tona gutxiago jaso baitira, 445 tona guztira.
Txostenean ere hondakinen bilketako balantze ekonomikoa argitaratu dute. Udalak hondakinen bilketaren eta kudeaketaren arteko finantza oreka lortu nahi du eta orregatik, zaborren tasa pixkanaka igotzen ari da gastuei eutsi ahal izateko. 2024an hasi zen tasa igotze, defizita 0 eurokoa izan arte. Horregatik, tasa urtero %15 igoko zutela iragarri zuen 2024an, defizita 0ra iritsi arte. Alde horretatik ere,aldaketak daude, eta defizita geroz eta txikiagoa da. 2023an 307.000 euroko defizita zuen udalak, 2024an 248.000 eurokoa eta iaz 219.000 eurokoa.
Hondakinen kalitatea
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Usurbilen bildutako hondakinen kalitatea neurtu du. Udalaren azken txostenean, 2026ko martxokoa, errefusaren egokitasuna bildu zuen, eta %99,22ko egokitasuna izan zuen. Organikoaren inguruan bildutako datuak 2024ko maiatzekoa dira, eta hondakinen egokitasuna %98,65ekoa zen.
Usurbilek lau izar
Usurbilek lau izar lortu ditu Europako Zero Zabor Ziurtagirian. Hiru urterako eskuratu zituen Usurbilek lau izar horiek 2023an, eta otsailean egindako azterketen ondorioz, lau izar horiek mantentzea lortu du. Alkateak, Agurtzane Solaberrieta Mesak, lau izarrei eustea txalotu du: "Usurbilek eta usurbildarrek hondakinen kudeaketarekiko eta ingurumenaren zaintzaren errespetuarekiko duten konpromisoaren erakusle da". Udalak trantsizio ekosozialari begira helburu berri bat du: 2030erako herrian sortzen diren hondakinak %10 gutxitu nahi dituela azaldu du.