Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidea izan dute mintzagai nagusi, Usurbilgo Sarek deituta ostiral iluntzean, Mikel Laboa plazan eginiko hileroko elkarretaratzean. Zenbakitan adierazi dute hasteko, zertan den gaia. "Aurrera goaz etxeratze prozesuan eta bistakoa da zifrei begiratzen badiegu". Izan ere, Sareren esanetan, "EPPK-ko ehun presoko langa gainditzea lortu dugu eta datozen egun eta asteetan aurrera urratsak ematen jarraitzea espero dugu", iragarri dute.
97 dira egun, "horietatik 60 dira egunerokotasunean kalea zapaltzen ari diren presoak, beraz, 37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak beraien zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere".
Tartean da, ostiral honetako elkarretaratzean nabarmendu dute, "azken egunotan egunerokotasun mediatikoa hartu duen Iparragirre eta Karasatorreren 100.2 artikuluaren aplikazioa". Erabaki hori, "arduraz eta kezkaz hartzen dugu. Beste behin, argudiaketa juridikotik baino mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da. Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan jarraituko dugu nahiz eta, presioa egitera eta mendeku politikak gailentzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean".
Horrez gain, iheslarien kolektiboa ere ahotan hartu du Sarek. Izan ere, berriki Olaztitik urrun 45 urte igarotako Hilario Urbizu zendu da Mexikon. "Doakiela gure babes eta besarkadarik beroena bere senide eta lagunei", adierazi diete ostiraleko elkarretaratzetik.
Hausnarketen partekatzea
Aipaturiko zifren harira, "etxerako bideak daraman norabidea ikusita, zenbait hausnarketa egin ditugu azken hilabeteetan". Hausnarketa partekatu eta "etorkizunari begira jartzeko" hainbat hitzordu iragarri dituzte udaberri honetarako. Batetik, eskualde mailako 27 batzar egin asmo dituzte Euskal Herrian. Ziklo hori borobiltzeko, agerraldi jendetsua deitu dute ekainaren 6an, 11:30etan Arrasateko Monterron parkean. "Aspaldian egin dugun agerraldirik garrantzitsuena izango dela aurreikusten dugu eta orain arteko moduan, zuekin guztiokin partekatu nahi dugu garrantzizko agerraldia".
Bide horretan aurrera jotzeko deia egin dute; "etorkizuna helmuga, jarrai dezagun konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren logikan lanean".