Europako Zero Zabor Ziurtagiria

Usurbilek lau izarreko udalerria izaten segiko du

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 28a

Usurbilgo, Hernaniko eta Astigarragako udalerriei hondakinak hobeto kudeatzeko eginiko ahalegina aitortu die Europako Zero Zabor Ziurtagiriak. Usurbilek azken hiru urteotan izandako lau izarrei eutsi die.

"Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da: Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan. Zero hondakinerako trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu. Hirugarrenek egiten dute udalerrietako azterketa edo auditoria, eta bete beharreko eta baloragarri diren irizpideak aztertzen dituzte, behin betiko puntuazioak esleitzeko: gehieneko puntuazioa bost izarretakoa da", Udaletik azaldu dutenez. 

Hiru urteko iraupena duten ziurtagiriok eskuratzeko deialdira aurkeztu ziren aipatu hiru udalerriak 2023an, lehen aldiz. Berrikustea egokitzen zen aurten. "Hiruen kasuan, otsailean egin zituen azterketak Análisis Social y Medio Ambiente kooperatibak". Egunotan eman dituzte hiru udalerriotako alkateek hedabideen aurreko agerraldi bidez, alor honetan urteotan nahiz azken auditoretzen emaitzen berri.

"Oso balorazio ona"
Usurbilgo udalerriaren kasuan, duela hiru urte eskuratutako lau izarrei eutsi die herri honek. "Guretzat hori jada oso garrantzitsua izan da, eta, ondorioz, oso balorazio ona egin dute, gure herriko hondakinen kudeaketaren inguruan", nabarmendu du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Oso garrantzitsutzat jo du "hiru herri hauek Europan kokatzea. Zero Zabor herriak gara, eta Europan kokatutako proiektu batean gaude. Oso garrantzitsua da gure hondakinen kudeaketa ezagutu, aztertzea eta Europa mailako erakunde hauekin elkarlanean aritzea. Gaur egungo larrialdi klimatikoaren testuinguru honetan, gakoa da hondakinak ondo kudeatzea eta uste dut, hemen gauden herriak horren aitzindari izan garela eta aitzindari izaten jarraitzen dugula". Herriotatik egiten ari diren lana goraipatu du.

Jarduteko modu on gisa nabarmendu dituzte, "hondakinen kalitatearen kontrola eta jarraipena egitea, sortzez besteko ordainketarekin ere jarraitzea, hondakinen trazabilitateari ere jarraipena egitea, kontratazio publikoan ingurumen baldintzak txertatzea eta oso balorazio positiboa jaso du ere atez atekoaren bulegoak eta bulego horretatik egiten den lanak eta herritarrei eskaintzen diegun laguntzak, aholkularitza zerbitzuak".

Solaberrietaren esanetan, duela hiru urteko lau izarrei eustea zen erronka eta pozgarritzat jo du helburua bete izana. "Hori ez da kasualitatez gertatzen. Bada Usurbilek eta usurbildarrek hondakinen kudeaketarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko duten konpromisoaren erakusle".

Urteotan herria hazi da, biztanle gehiago eta jarduera ekonomiko berriekin eta izan zezakeen arren, "hondakinen kudeaketan ditugun neurrien ondorioz, ez du eragin negatiborik izan eta hori ere garrantzitsua da". Horren adierazle, iazko gaikako bilketaren ehunekoa; %85ekoa izan zen. "Eusten ari gara, azken urteetako mailari".

Halere, zer hobetu jasotzen du egindako auditoretzak. "Batez ere, prebentzioan arreta jartzea eskatzen digu, egiten zaizkigun proposamenen artean; batetik, hondakinen prebentzio planak eguneratzea eta baita inpaktu adierazle batzuk garatzea ere".

Usurbilgo alkatearen esanetan, "ekarpen horiek lagungarriak dira ere, aurrera begirako ildo eta lehentasunetan eman beharreko urratsak finkatzerako orduan. Badakigu nondik jo".

Hondakinen kudeaketa hobetzen segitzeko asmo argia du Usurbilgo Udalak, "martxan jartzen ari garen gobernantza eredutik. Urteak daramatzagu misioen araberako gobernantza eredu bat eraiki nahian". Misio edo herri erronka horietako bat da trantsizio ekosozialarena. Erronka horren arabera, alkateak gogora ekarri moduan, "finkatua dugu 2030erako non egon nahiko genukeen, erronka honi dagokionean". Hondakinei dagokienean, %10 murrizteko erronka ezarria du udalerri honek.


"Erronka bezala jartzen dugu hobetzen jarraitzea"
Hernaniko udalari dagokionean, 2023an lortu zuten estreinakoz lehen ziurtagiria, hiru izarrekoa. 2025eko auditoretzaren ostean, laugarrena jaso dute. Azken auditoretzak nabarmendu die, "urteetan egindako lana, eta inplementatu ditugun berrikuntzak", Xabier Lertxundi alkatearen esanetan. Horien artean, besteak beste, "auzo konposta eta auto konpostatze deszentralizatua, hondakinen bulegoak herritarrekin egiten duen lanketa zuzena, %80ko atez ateko bilketa".

Urteotan abiarazitako proiektuak ere positiboki baloratu dituzte. "Hondakinen berrerabilera eta gutxitzea sustatzeko trukehernani.eus ataria, auto konponketa tailerra abiarazi genuen, bizilagunekin konponketa tailer ezberdinak antolatu ditugu eta Aste Klima bezalako ekimenak ere egin ditugu".

Halere, "erronka bezala jartzen dugu hobetzen jarraitzea", bosgarren izarra eskuratzea zaila izan arren, "ez dugu etsi behar eta horretan jarraitu behar dugu".

Prozesu horretan, lagungarriak iruditzen zaizkio ziurtagiri eta auditoretza hauek. "Hiru herri hauek Europa mailan kokatzen gaituzte oso posizio onean, hondakinen kudeaketari dagokionean. Auditoretza hauek balio digute hobekuntzak planteatzeko". Ibilbide horretan beste zenbait urrats emateko gonbita jaso du Hernaniko Udalak; besteak beste, enpresen hondakinen trazabilitatea eskatu eta betearazteari dagokionean, edota egindako sortzearen araberako tasa merkataritzatik haratago herritarren artean zabaltzea.

"Dena errazagoa da elkarrekin jardunda"
Astigarragako udalerriari dagokionean, bi izar zituen urteotan, hirugarrena eskuratu du azken auditoretzan. Hala gertatzeko arrazoien artean da alkate Xabier Urdangarinentzat, besteak beste, gaikako bilketari eutsi izana. Azkeneko bi hamarkada hauetan nabarmen hazi den udalerriak %75eko gaikako bilketa du, industrialdean %90ekoa. "Mantentze hutsa lorpena da".

Hobetzekoen artean, bere esanetan, "2023an hutsune batzuk azpimarratu zizkiguten, planifikazio alorrekoak asko. Hondakinen kudeaketa hobetzeko planifikatzea lortu dugu". Alor horretan, hondakinen sorreragatiko ordainketa sistema aipatu zuen, edota hondakinen bulegoarena. "Ezinbestekoa da, egunez egun gorabeherak identifikatzeko. Gure kasuan, horiek izan dira hirugarren izar hau ekarri digutena". Aurrera begira, hobetzekoen artean, prebentzioan eragin beharra dagoela dio, "denon erronka da hondakin gutxiago sortzea". Horrekin batera, "gure kasuan, beste bat da konpostarena. Auzo konposta eredu berri bat jarri nahi dugu".

Hobetze bide horretan, "saiatuko gara laugarrena lortzen hurrengorako". Halere ezinbestekotzat jotzen du, "hondakinen kudeaketa izatea jarraitua, etengabea, planifikatua. Izarrak etorriko dira".

Ziurtagiri honen exijentzia maila nabarmendu zuen. "Europa mailako ziurgariria da, auditoretzak tente jartzeko modukoak dira eta emaitza azpimarratzekoa da". Emaitza horretan, talde lana goraipatu zuen Astigarragako alkateak. "Asko laguntzen du beste batzuekin halako gauzak egitea. Dena errazagoa da elkarrekin jardunda".