Oraingoan igandearekin girotu dute kantuz herria

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 26a

Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak igande honetan, apirilaren 26an, egin du hilabete honi dagokion kantu-jira.

Asteburu dantzari eta kantaria bizitzen ari gara Usurbilen. Apirileko azken larunbata genuen atzo, hilaren 25a. Izatez, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea plazaratu ohi den eguna izaten da. Gogoan izango duzuenez, ordea, Orbeldiren 14. Dantza Eguna ospatu zen. Dantza batean joan zitzaigun atzoko eguna eta kantu giroz blai esnatu zaigu igande hau. Izan ere, egunbete atzeratzea erabakia zuten Kantu Taldekoek hilero azken larunbatetan deitu ohi duten kantu-jira.

Horregatik, igande honetan, hilaren 26an plazaratu dira kantu-jiran, ohiko abiapuntutik, Mikel Laboa plazatik eguerdiko 12:00etan herri erdigunean barrena. Gogotsu ekin diete, euskal kantu ezagunei tartea egin eta Jaione Eskuderok zuzendu ohi duen hitzordua.

Bihar segiko dute abesten. Izan ere, astelehenero moduan, urtarrilean abiarazitako ikastaro berriari lotutako saioa izango dute, arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.