14. Dantza Eguna

Txalo zaparrada, Orbeldikoen "Aitaren Gutuna" herri ikuskizunarentzat

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 26a

Bart gauean estreinatu du Orbeldi Dantza Taldeak, hilabeteotan ondutako "Aitaren Gutuna" herri ikuskizuna. Gogotik txalotu dute, 14. Dantza Eguna borobildutako herri ikuskizuna.

Eskuzabalik jaso eta txalo zaparrada moduan eskertu die Usurbilgo herriak Orbeldiko kideei, bart frontoian eskainitako "Aitaren Gutuna" herri ikuskizunagatik. Hilabeteotan gogotik saiatuz ontzen aritutako emanaldia estreinatu zuten larunbat gauean, 14. Dantza Egunaren amaieran.

Hasieratik amaierara, ideia sortzen hasi eta frontoian plazaratzerainoko bidea osorik herrian sortu eta bertatik herriarentzat eskaini dute beste urte batez. Bidea bera bezala, emaitza ere maisuki aurkeztu dute belaunaldi askotako dantzari eta musikariek. Izan ere, dantza, musika, atrezzoa... Ikusmina eragin ohi duen herri ekoizpen honen osagaiak izan ohi dira. Aurtengoa ere, hildako aita batek hemezortzi urte betetako alabari bizitzaz hausnartuz idatzita utzitako "Aitaren Gutuna" izenekoa ere, halakoxea izan da.

"Jarraitu herria egiten"
Esker ona adierazi zuen emanaldi amaieran Orbeldi dantza taldeko ordezkari eta emanaldiko antolatzaileetako batek, Aitor Agirrek. "Beste urte batez, eskerrik asko denoi etortzeagatik. Plazer bat izan da, beste urte batez, plaza beteta ikustea", nabarmendu zuen. Bide batez, bidelagun izandakoak gogoan hartu nahi izan zituen. "Eskerrik asko, istorioa sortzen lagundu dutenei, dantzari guztiei".

Falta zirenez oroitzeko tartea ere hartu nahi izan zuen. "Aurten ere, gure inguruko pertsona batzuk ez ditugu izan ondoan. Hemendik, txalo zaparrada eskainiko diegu errekuperatzen segitzeko, ea hurrengo urtean gure ondoan ditugun".

Gonbita bikoitza helarazi zuen, bukatzeko. "Jarraitu herria egiten! Dantza taldeko ateak irekiak dituzue edozertarako. Eskerrik asko etortzeagatik!".

Eta hala amaitu zuten bart gaueko "Aitaren Gutuna" emanaldia; hasi bezala, dantza giro bizian.