Medikuen hirugarren greba astea gaurtik

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 27a

Hirugarren greba astea dute gaurtik Hego Euskal Herriko nahiz penintsulako beste hainbat herrietako medikuek, Espainiko Gobernuaren Osasun Ministerioarekin izandako orain arteko negoziazioek porrot egin ostean.

Otsailean egin zuten lehen greba astea, martxoan bigarrena eta astelehen honetatik, apirilaren 27tik aurrera hirugarrena. Ekainera arte iragarritako hirugarren greba astearekin bat egitera deituak daude Hego Euskal Herriko medikuak, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin izandako orain arteko negoziazioek porrot egin ostean.

Aipatu moduan, hurrengo asteotan konpontzen ez badira, ekainera arte beste bi greba aste egingo dituzte medikuok, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa negoziatzen ari den estatutu markoaren aurka protesta egiteko eta kolektibo horrentzako erregulazio espezifikoa eskatzeko.

Mobilizazioak Donostian
"Estatutu propio baten alde" aldarripean, ekainera arte deitutako hirugarren greba astea deitua du Euskadiko Sendagileen Sindikatuak astelehen honetatik, apirilaren 27tik maiatzaren 1era. Egunotarako hainbat mobilizazio deitu dituzte gainera Osakidetzaren lurralde osoan zehar; haietako hainbat, Donostian:
-Apirilak 27, astelehena: 11:00etan elkarretaratzea Donostia ospitalean.
-Apirilak 29, asteazkena: 18:30 Manifestazioa Donostiako Bulebarretik hasita.

Greba egunen egutegia
Apirila: 27, 28, 29, 30 eta maiatzak 1.
Maiatza: 18, 19, 20, 21, 22.
Ekaina: 15, 16, 17, 18, 19.

Hauek dira, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak abenduan ezagutzera emandako aldarrikapen nagusiak:

  • A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi-mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun-eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
  • Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok BORONDATEZKOA eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen 3 urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
  • Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da 17 ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
  • Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
  • Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
  • Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik INDEPENDENTEA
  • LEPak: Oro har, merezimendu-lehiaketa bidez egingo dira.
  • Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku-jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren % 100 zenbatuta.
  • Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
  • Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
  • Lanbide Garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
  • BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean 4 baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren % 150 jasoko du gutxienez.
  • BAME ordezkaritza: Autonomia-erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.