Tren-geltoki berritua erabat martxan ikusteko geroz eta gutxiago falta da. Bide horretan, beste urrats bat emango da, itxura guztien arabera, azken fasera hurbil gaitzakeena. Izan ere, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, geltoki horren bueltako pasabidea zabalduko da, asteazken honetan, apirilaren 29an; hau da, Etxealdiako zubi berria.
Astearte honetan, hilaren 28an ateratako irudi sorta duzue segidan. Langileak azken ukituak ematen ari ziren inguruari. Izan ere, bihar, goizeko lehen ordutik zabalik izango da San Esteban kalea eta Atallu lotuko dituen pasabide berritua. Honenbestez, asteazken honetatik aurrera, Etxealdiatik herri erdigunera igo nahiz bertatik Atallu aldera modu seguru eta irisgarrian joan edo etorri ahalko gara, zubi berria irekitzearekin batera martxan jarriko baitira igogailuak eta eskailerak ere erabilgarri jarriko baitituzte. Ondorioz, ez da trenbidetik igaro beharko Atallurantz nahiz Etxealdia edo herri erdigunerantz jotzeko.
Aldiz, zubi horretatik oraindik ezingo gara jaitsi tren-geltoki berrira; ez eskaileretatik ezta igogailuen bidez ere. "Geltoki zaharraren ondotik sartu beharko da nasetara", Udaletik ohartarazi dutenez. Segidan duzue, tren-geltokira iristeko egin beharko den bidearen mapa. Aipatu moduan, geltoki berria ireki aurreko azken pausoetakoa izango da. "Tren-geltoki berria ez dago martxan jartzeko prest oraindik", Udaletik gogorarazi dutenez.
Bi urteko zubiari adio
Etxealdiako zubi berrituaren irekierak, 2024ko maiatzaren 27az geroztik aldi baterako erabilgarri izan dena desmuntatu egingo dute. Udalaren arabera, desmuntaketa lana, zubi berria ireki ostean egingo da, asteazkenetik ostegunerako gau partean hain zuzen. "Kendutakoan, eremu horretako urbanizazio lanekin jarraituko du ETSk: zati hori falta zaie tren geltokitik Atxega jauregirainoko eremu guztia berrituta uzteko. Era berean, pasealeku guztiko argiteria berritu dute", Udaletik azaldu dutenez.
Nahi baino denbora gehiagoz izan da zabalik N634 errepidea zeharkatzeko behin-behineko zubia. Aipatu moduan ia bi urtez egon da, nahiz hamar hilabeterako beharko zela aurreikusia izan. Iaz jarri zuten Etxealdiako zubi berria "baina ez dute irekitzerik izan, irisgarritasun baldintzak bete arte. Tren geltoki berriak bi modutara lotuko ditu goiko eta beheko zatiak: eskailerekin eta igogailuekin. Igogailuak lau izango dira: bi geltoki barruan daude, nasetara sartzeko, eta beste bi kanpoan, Zumartegi industriagunearekin, Santuenearekin eta Atallurekin lotura egiteko. Kaleko bi igogailuak martxan jarrita eta irisgarritasun baldintzak beteta irekiko da, azkenik, zubi berria, bi urteren ondoren".
Herri erdigunea, Etxealdia eta Atalluren lotunea den San Esteban kaleko lanak ere amaitu dira duela bizpahiru astetik, zabalik da erabat. "Zenbait erremate kalea ireki ostean egin ditu udalak. Horrez gain, aldapan dauden bankuak egokitu dira, erosoagoak izan daitezen".
